Atletismoa

Atletismoa
2015-11-23 14:20:29
MINBIZIA DUTEN GIZONEI ESKAINI ZIEN YERAY VARELAK, AZKOITIKO GARAIPENA
Bihotz handiko korrikalari puska

Asteburuko kirol hitzorduei begira jarriz gero, atletismoak utzitako keinu sentibera batekin hasiko dugu azken bi egunotako errepasoa. Yeray Varelak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen larunbatean Azkoitiko herri lasterketan. Azken sei urteetan proba honetan lortzen duen bostgarren garaipena izan da Aloña Mendiko korrikalariarentzat, baina beste guztiekin alderatuz, larunbatekoak, berezitasun txiki -edo handi- bat izan zuen. Izan ere helmuga zeharkatzean, minbizia jasan duten gizonekin oroitu zen Varela, bere bibotea seinalatuz.

 

Sarritan entzun ohi da detaile edo keinu txikiek handi egiten gaituztela eta era honetako jokabide bat ikusi zen larunbat arratsaldean, Azkoitiko Raka Herri Lasterketan. Yeray Varelak korrikalari bezala duen maila agerikoa da; bere ibilbidea ikusi besterik ez. Baina larunbatean agerian gelditu zen, kirol arloaz gain, pertsona bezala ere, bihotz handikoa dela oñatiarra.

 

Helmugara iritsi zenean, bere aurpegian azken asteeta hazten utzi duen bibotea seinalatu baitzuen Aloña Mendiko korrikalariak. Keinu honekin, minbizia jasan duten gizonekin oroitu zen Varela eta beraiei eskaini zien garaipena, ondoren sare sozialetan argitu zuenez.

 

Movember mugimendua bultzatuz

Bibotea daramaten gizon kopurua asko areagotu da azaroko hilean. Movember mugimenduarekin bat egiten dutenen sinboloa da berau. Prostata edo barrabiletako minbizia jasan duten gizonezkoei elkartasuna adierazteko eta batez ere, sentsibilizazioa areagotu, eta ikerketarako diru-laguntzak bilatzeko mugimendua da. Varelak ere bat egin nahi izan du aurten talde honekin eta azaroan zehar, bibotea utzi du. Larunbatekoa beraz, balio handiko keinua izan zen. Denboraldiko lehen garaipenak besteko zapore gozoa utzi zuen bereziki, mugimendu honekin bat egiten ari direnen artean.

 

Bestelakoan, hamaikagarren ekitaldia bete zuen larunbatean Azkoitiko Herri Lasterketak. Gipuzkoako atletismo proben egutegian egonkortzen dijoan lasterketa da eta aurtengo edizioak, korrikalari kopuru oparoa bildu zuen. Ia 350 korrikalari batu baitzituen.

 

10 km-ko zirkuitu herrikoi eta azkar bati aurre egin behar izan zioten korrikalariek. Giro freskoa eta neguko tenperaturak nagusi izan baziren ere, markak nahiko onak ikusi ziren. Eguneko atletarik azkarrena Yeray Varela izan zen. Oñatiarrak 31:12 segundu behar izan zituen antolakuntzak markaturiko ibilbidea osatzeko. Ia minutu bateko aldea atera zion bigarren postuan helmugaratu zen Julen Ozaeta (32:06) durangarrari. Hirugarren postua, Asier Fernandez (32:31) etxeko korrikalariarentzat izan zen.

 

Sailkapen ofizialak [hemen].

 

Sei urtetan, bostgarrena

Varelak harreman berezia lortu du azken urteetan Azkoitiko lasterketarekin. 2010 urteaz geroztik, bost ediziotan parte hartu du eta guztietan garaile izan da. 2011. urtekoan ezin izan zuen parte hartu baina beste guztietan, txapelarekin itzuli da txantxikuarra etxera.

Varela helmugan, bibotea seinalatuz. Argazkia: wwww.urolakosta.hitza.eus

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.