Futbola

Futbola
2015-11-18 15:43:12
2018KO EKAINAREN 30 ARTE TXURI-URDINA IZANGO DA
Andoni Ugarte oñatiarrak, kontratua luzatu du Realarekin

Gaur goizean jakitera eman du Realak, Sanse taldean ari den Andoni Ugarte oñatiarrak, kontratu berria sinatu duela talde txuri-urdinarekin. 2016ko ekainean amaitzen zitzaion hitzarmena Ugarteri eta akordio berriari esker, beste bi urtez talde donostiarreko jokalaria izango da txantxikuarra.

 

Realak jakitera eman duenez, Andoni Ugarte oñatiarrak bi urtez luzatu du kontratua talde txuri-urdinarekin. Aurreko akordioa hurrengo udaran agortzen zen eta hitzarmen berriari esker, Ugartek 2018ko ekainaren 30a arte jantziko du gutxienez, Realeko elastikoa. Atzelari txantxikuarra bigarren denboraldia betetzen ari da Sansen. Kategorian jokalari berria izan arren, taldeko jokalari erabilenetakoa da Ugarte. Iaz esaterako, 3000 minututik gora jokatu zituen eta aurten ere, Alguacilen jokalari erabilienetariko bat da.

 

20 urte baino ez ditu Ugartek, eta sinatu berri duen kontratu honekin, agerian gelditzen da Realaren etorkizuneko apostuetako bat dela oñatiarra. Alebin eta infantil mailako lehen urtean Aloña Mendin jokatu ostean, iritsi zen Realera eta talde txuri-urdineko maila guztietatik pasa ostean, azken bi denboraldietan 2B mailan ari da Sanserekin. 8 denboraldi daramatza donostian eta kontratu berri honekin, hamarkada bat beteko du Gipuzkoako talderik garrantzitsuenean.

 

Pozik akordioarekin

OK Magazineak atzelari oñatiarrarekin hitz egiteko parada izan berri du eta «oso gustora dagoela» jakinarazi digu. Hitzarmen berri honek «lasaitasun gehiago» ematen diola onartu digu. Baina era berean, txantxikuarrak garbi dauka «lanean gogor jarraitu beharko duela jokalari eta pertsona moduan hazi eta klubak jartzen dizkion erronkei aurre egin ahal izateko».

 

Gogoratu beharra dago Ugarte, Zubietako faktoriak eman duen belaunaldi bikain bateko kide dela. Jubeniletan esaterako, estatu mailan ez ezik, Youth League txapelketan maila bikaina eman zuen taldeko kide izan zela. Urte bikain horri esker, Oñatiko kirolaren sari nagusia eraman zuen 2014an. Era berean, lehen taldearekin lan saio bat baino gehiago osatu ditu eta uztailean, debuta egiteko aukera izan zuen Real Unionen mendeurreneko lagunartekoan.

Andoni Ugarte, Loren kirol zuzendariarekin. Argazkia: Real Sociedad.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.