Besteak

Besteak
2015-11-18 10:54:06
ALOÑA MENDIKO TENIS SAILA INDARBERRITUTA ITZULI DA KURTSO BERRIRA
Tenis saila, pistara itzultzeko prest

Aloña Mendiko tenis saila bueltan da. Azken urteetan aktibitate oso gutxi izan ostean, azken hilebeteetan, indarberrituta itzuli da ikasturte berrira. Zubikoako tenis pista nagusia estali zenetik, saila gutxinaka-gutxinaka funtzionamenduan hasi da. Ohiko txapelketak antolatzeaz gain, urriaz geroztik adibidez, gaztetxoei zuzendutako tenis eskola martxan daukate.

 

2011-2015 legealdiko kirol erabakirik garrantzitsuenetarikoa izan zen Zubikoako tenis pista nagusia estaltzearena. Bere garaian, oihartzun handia izan zuen lanak eta herritar askoren ahotan egon zen. Zorionez baina, Oñatiko tenis zaleek eskertuko duten lana izango da, hemendik aurrera, urte guztian erabili ahal izango den instalakuntza izango baita. Tenis pista estali izanak gainera, dagoeneko eman ditu lehen ondorio positiboak. Azken urteetan nahiko geldi zegoen Aloña Mendiko tenis saila berpiztu baitu.

 

Aloñako ordezkariek, konpromiso hori aurrez hartuta zutela adierazi zuten astelehenean, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian: «Saila ez da inoiz desagertu baina egia da azken urteetan nahiko geldi egon garela. Hala ere Udalarekin eta klubarekin adostu genuen tenis pista estaltzearekin batera, berriz ere bueltatuko zela mugimendua Aloñako tenis sailera» onartu zuten. Hori horrela, ikasturte berrian, indarberrituta eta gogotsu itzuli dira tenis saileko lagunak: «Klubean dozena bat lagun edo egongo dira federatuta eta urteroko txapelketez gain, aurrera begira, beste erronka batzuk izango ditugu eskuartean» zioen Eneko Ugaldek.

 

Tenis eskola

Denboraldi berriko berrikuntzetako bat tenis eskola aktibatzea izan da. Urriaz geroztik, 10-12 urteko hogei neska-mutil ari dira astean birritan saioak jasotzen eta monitore lanetan ari den Ainhoa Zumaldek, sailarentzat erronka oso polita dela adierazi zuen asteleheneko irratsaioan: «Neuk ere, urte dexente eman ditut sailetik kanpo baina instalakuntza berriekin aukerak ere asko zabaldu dira. Gaur egun, gaztetxoekin bi talde ezberdin osatu ditugu eta beste adin batzuetako jendea ere dagoeneko hasi da galdezka era honetako klaseak zabalduko ote ditugun edo ez jakiteko».

 

Aloñako ordezkariak oso pozik daude jaso duten erantzunarekin baina dituzten baliabideak ondo aprobetxatu, eta aurrera begira, beste aukera batzuk aztertzen ari direla ere onartu zuen Ugaldek: «Gaur egun Ainhoak ezin du lan karga handiagoa hartu eta klaseak emateko prestatutako monitoreak behar dira. Hasi gara kanpotik monitore berri bat ekartzeko aukera aztertzen baina momentuz, dena airean dago. Hala ere interesa badago eta baliabideak baditugu, ahalegina egingo dugu». Ugalderen ustetan, kirola herrira gerturatzeko eta zaletasuna zabaltzeko, ezinbestekoa da fundamentuzko tenis eskola bat izatea.

 

Tertulia interesgarria

Ainhoa Zumalde eta Eneko Ugalde saileko kideak izan ziren astelehenean, Oñati Irratiko kirol tarte nagusiko protagonista nagusiak. Biek ala biek, asteburuan jokatu diren Mikel Deunaren finaletako hausnarketak egiteaz gain, sailari eta Zubikoako instalakuntzari buruzko gogoeta interesgarriak egin zituzten. Era berean, tenis saileko alma materra den Jabi Balzategik ere, klubaren historioa errepasatu, eta etorkizunera begira, baikortasuna azaldu nahi izan zuen.

 

Astelehen arratsaldeko tertulia entzuterik izan ez bazenu, hemen daukazu Aloña Mendiko tenis saileko lagunekin Oñati Irratian egin zuten irratsaio osoa entzungai:

 

Mikel Deunaren txapelketako 3. eta 4. posturako partida.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.