Mendia

Mendia
2015-07-22 11:37:36
BIGARRENA IZAN DA ASTEBURUAN, COLLARADAKO MENDI LASTERKETAN
Maite Zabaleta: «Ez dut ezer aldatu, baina egia da aurten aurrerapauso bat eman dudala»

Maite Zabaleta mendi lasterkari oñatiarrak bigarren postua lortu zuen igandean jokatu zen Collaradako (Huesca) mendi lasterketan. Emaitzei dagokienean, momentu oso onean dago Zabaleta. Asteburukoa, denboraldiko laugarren podiuma izan baita txantxikuarrarentzat. Orain arte egindako lanaren balorazio bat egin zuen atzo korrikalariak Oñati Irratian.

 

Maite Zabaleta korrikalaria, aurtengo mendi lasterketen denboraldiak utzi duen sorpresa positiboetako bat izan da zalantza izpirik gabe. Bai behintzat lortutako emaitzei dagokienean. Izan ere, Zabaleta ez da berria mundu honetan. Baina aurten, aurrerapauso handia eman du sailkapen orokorretan. «Egia da emaitza nahiko onak lortu ditudala, baina nik ez dut ezer aldatu nire egunerokoan. Agian konfidantza edo probak ezagutzearen ondorio izan daiteke eboluzioa» onartu zuen atzoko lasterketan.

 

Igandean Villanuan (Huesca) 2KV Collarada lasterketan iritsi zen denboraldiko azken podiuma txantxikuarrarentzat. Mendi lasterketak bi modalitate zituen: 17 kilometrokoa bata eta 8,5 kilometrokoa bestea. Zabaletak azken honetan lortu zuen bigarren postua. «Iaz ere lasterketa egin nuen eta laugarrena izan nintzen. Gustatu egin zitzaidanez, aurten berriz bueltatu ginen eta emaitza oso positiboa izan da» zioen.

 

Lasterketa hasieran, ezagun gutxi ikusi zituela onartuta, proba abiatu orduko konturatu zen podiumetik gertu ibiltzeko aukera izango zuela: «Hasiera batean gozatzeko asmoarekin irten nintzen. Igotzea gustatu egiten zait eta lasterketa aurrera joan ahala, konturatu nintzen aurrean sartzeko aukera izango nuela. Azken kilometroetan harrapatu nuen bigarren sailkatua eta tarte txiki bat hartu nuela ikusita, bigarren postua defendatzen osatu nituen azken metroak» deskribatzen zuen Zabaletak.

 

Denboraldi bikaina

Denboraldi oso erregularra osatu du Zabaletak eta igandekoa aurtengo laugarren podiuma izan da. Aurrez, urrian Donostiako Hiru Mendiak lasterketa irabazi zuen. Apriliean, Aloñako Igoeran, sailkapen nagusiko seigarren postua eta Oñatiar azkarrenaren saria jaso zituen. Maiatzean, Pagoetako mendi lasterketan hirugarrena izan zen eta ekainean, Eskoriatzako Gabez Takarraran proban ere, podiumeko bigarren postura igo zen.

 

Igandeko bigarren postuaren ostean, atseden pixka bat hartuko duela onartu zuen atzo Zabaletak: «Urteko garai honetara nekatuta iristen naiz eta abuztuan atsedena hartuko dut. Kirola beste era batera egingo dut. Izan ere, irailean Gorbeia Suzien lasterketa egiteko asmoa daukat baina niretzat luzexamarra denez (32 km), beste era batera planteatuko dut». Gozatzeko asmoaz joango dela adierazi zuen.

 

Elkarrizketa guztia entzuteko sakatu beheko podcastean:

 

 

Molinero eta Alonso ere ondo

Zabaletarekin batera beste bi oñatiarrek ere emaitza esanguratsuak lortu zituzten asteburuan Collaradako lasterketan. Joseba Molinerok laugarren egin zuen gizonezkoetan, podiuma osatu zuten Ferran Teixidok, Iñigo Lariz eta Salvi Fargasen atzetik. Axier Alonsok berriz, 17 kilometroko lasterketa luzean (Puyar y Baxar) zazpigarren postua lortu zuen. Proba honetan, Collarada igo eta jaitsi egin zuten korrikalariek.

Zabaleta Villanuako podiumean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.