Atletismoa

Atletismoa
2015-06-29 10:53:10
EDURNE ELKOROIRIBE OÑATIARRA IZAN DA AZKARRENA EMAKUMEZKOETAN
Fredrik Uhrbom suediarrak, erakustaldia eman zuen atzo Torreauzon

Suediatik etorritako Fredrik Uhrbom korrikalaria izan zen 18. Torreauzoko lasterketako protagonista nagusia. Irteera eman ahalaz bat egin zuen ihes lasterketa buruan eta sekulako indar erakustaldia eskainiz, nagusitasun osoz iritsi zen Etxe Aundi parean kokaturiko helmuga puntura. Uhrbom-ek 23:48 osatu zuen zirkuitua eta minutu batetik gora atera zion helmugan, bigarren sailkatua izan zen Beñar Arnaiz (25:19) aretxabaletarrari. Emakumezkoetan Edurne Elkoroiribe oñatiarra izan zen onena (32:35).

 

Sorpresa galanta eraman zuten atzo Torreauzoko Herri Krosera hurbildu zirenek. Giro beroak eraginda, azken urteetako parte-hartzerik baxuena izan zuen atzoko lasterketak. Guztira 70 korrikalari elkartu ziren, San Pedrotik Olaterako joan etorria egiteko. Lehiakide gutxi izan ziren arren, maila azken urteetako onena izan zen zalantza izpirik gabe. Bai behintzat lasterketa buruan ibili zirenen artean. Herriko eta inguruko korrikalari ezagun ugari elkartu ziren atzo Antxintxiketan K.E.-ak antolatzen duen proban: Ritxar Fernandez, Sergio Garcia, Beñat Arnaiz, Cipri Burcio...

 

Azken hauen kaltetan, baina betiere ikuskizunaren mesedetan, protagonista nagusi bat azaldu zen atzo Torreauzon. Eguneko izen propioa Fredrik Uhrbom suediarra izan zen. Proba hasi ahalaz bat, lasterketa buruan bakarrik gelditu zen eta helmugararte eskaini zuen erakustaldia txapela kentzeko modukoa izan zen. Kilometroa batez beste 3 minutuan egin zuen eta ahozabalik utzi zituen guztiak. Baita bigarren sailkatua izan zen Beñat Arnaiz ere, jarrian entzun dezakezuen bezala:

 

 

Sariak banatu ostean, suediarrak nazioarte mailan aritzen den korrikalaria dela onartu zion antolakuntzari. Selekzioarekin hainbat alditan aritutakoa eta gerora, marka ikusgarriak dituen korrikalaria dela baieztatu zen. Maratoian (2:21:44), Maratoi erdian (1:05:20), 10 km (29:30) eta 5 km (14:01). Gizonezkoen podiuma, Beñat Arnaiz (25:19) eta Sergio Garciak (25:55) osatu zuten.

 

Elkoroiribe onena emakumezkoetan

Emakumezkoen arteko lehia oso polita izan zen. Edurne Elkoroiribe eta Miren Josune Bikuñak garbi utzi zuten bien artean geldituko zela 18. Torreauzoko proba. Elkoroiribe lehen postuan iritsi zen Olatera baina tarte oso txikia zuen Bikuñarekiko. Eta hortik helmugara artekoan, ez zen aldaketarik eman. Bikuña ahalegindu zen erritmoa bizitu eta Elkoroiribe harrapatzen baina azken honek, oso lasterketa erregularra egin zuen.

 

Garaipena beraz, merezimendu osoz, Edurne Elkoroiriberentzat izan zen. Oñatiarrak 32:35 osatu zuen ibilbide guztia eta 29 segundutara iritsi zen bigarren postuan abixaran taldeko Miren Josune Bikuña (33:04). Podiumeko hirugarren postua, Oihana Goenaga (37:44) oiartzuarrarentzat izan zen.

 

Sailkapen ofizialak [hemen].

 

Opari ugari

Torreauzoko lasterketaren ezaugarrietako bat, bere nortasun herrikoia da. Eta horren adibide, sari banaketaren ondoren egiten zen zozketa izan zen. Atzokoan ere, 50 saritik gora banatu zituen Antxintxiketan taldeak, bertaratu zirenen gozamenerako. Txorixo pintxoak doan, kirol materiala, afariak, txakolia...

 

Atzokoarekin, amaitutzat amaten da 2014/2015 ikasturteko atletismo denboraldia Oñatin. Hurrengo lasterketa, urrian ospatuko den Arrasate Oñati izango da.

Uhrbom eta Elkoroiribe atzoko irabazleak helmugan. Argazkiak: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.