Futbola

Futbola
2015-06-26 12:19:39
AZPIAZUK, 40 URTE BETE ZITUEN LARUNBATEAN PRESIDENTE GISA
5.946€ irabaziekin itxi du denboraldia Aloñako futbol sailak

Pasaden ostiral arratsean egin zuen urteko batzarra Aloña Mendiko futbol sailak. Denboraldian zehar egindako lanaren balantzeak egin ziren eta bai zuzendaritza, eta baita bertaratu ziren zaleak ere, konforme azaldu ziren bertan esan zirenekin. Eguneko albiste nagusiena, Jabi Azpiazu presidenteak eman zuen. Izan ere, larunbatean 40 urte bete zituen saileko presidente gisa.

 

Gustora azaldu ziren Aloña Mendiko futbol saileko zuzendaritzako kideak ostiraleko batzarrean. Bai kirol arloa eta arlo ekonomikoan ere, irakurketa positiboak egin baitzituzten. Kirol arloan esaterako, aurtengo denboraldian 11 talde izan ditu sailak; 8 gizonezkoetan eta 3 emakumezkoetan. Talde bakoitzaren zenbaki eta hausnarketa pertsonalizatuak egin ziren, baina bereziki bi atal nabarmendu nahi izan zituzten. Alde batetik, kadete 1. mailako taldeak jaso duen kiroltasunaren saria eta bestalde, emakumezkoen gazte mailako taldeak lorturiko kopa txapelketa. Azken hauen kasuan, neskek klubeko historian lortzen duten aurreneko titulu ofiziala izan dela azpimarratu zuten.


Arlo ekonomikoan berriz, aurtengoan ez dira gorabehera askorik izan eta beste urte batzauekin alderatuz, paretsu ibili direla azaldu zuten. Denboraldia amaituta, 5.946 €-ko balantze positiboarekin amaitu du sasoia sailak. Atal honetan, Ondarruko aurreraren aurkako partidan takilan jaso zen dirutza azpimarratu zuen Rafa Etxanizek. 1800€ jaso zirela argitu zuen diruzainak; normalean baino dexente gehiago.

 

Bazkide kuotak mantendu

Landu zen beste gaietako bat bazkide kuotena izan zen. Azken urteetako bideari jarraiki, aurtengoan ere, bazkide kuotak mantendu egingo dituztela azaldu zuten: «Jakin badakigu, gizarteko egoera zein den eta egokia iruditzen zaigu orain arteko prezioetan jarraitzea». Gaur egun hiru bazkide kuota bereizten dira. Bazkide orokorra (60€), bazkide babeslea (75€) eta bazkide gaztea (25€).

 

Etorkizuna eta bigarren taldea

35 minutu iraun zuen batzarreko azken minutuetan beste hiru gai interesgarri jorratu ziren. Lehena Errealarekin duten hitzarmena. Puntu honetan, epe motzean talde txuri-urdinarekin elkartzekoak direla esan zuen Azpiazuk. Talde donostiarrak 9.559€ laguntza eman dio aurten Aloñari. Hala ere, Andoni Ugarteren egoera berrikusi eta hortik beste laguntzarik etor daitekeen aztertuko dutela ere esan zuen. Gogoratu beharra dago Ugarte, Aloña Mendin hasitako jokalaria dela eta gaur egun, bigarren B mailan jokatzen duela. Formakuntzagaitik agian, diru-iturriren bat sortu daiteke kasu honetan.

 

Era berean Tiago Santana jokalariak datorren urtean Eibarren jokatuko duela ere jakinarazi zuten. Horrekin oso gustora azaldu ziren zuzendaritzako kideak. Albiste hauek «ondo egindako lanaren seinale» direla nabarmenduz. 

 

Amaitzeko, etorkizunera begira ere jarri nahi izan zuten. Senior mailan jokatzeko interesa duten jokalari kopurua oso handia izan daitekeenez, datorren denboraldian bigarren talde bat sortzeko ahaleginetan ari direla ere, jakinarazi zuen presidenteak. Erregional mailarik baxuenean hasiko litzateke talde berri hau.

 

40 urte karguan

Batzarreko albisterik esanguratsuena, Azpiazu presidenteak eman zuen. Izan ere, larunbatean 40 urte bete zituen saileko presidentetza hartu zuenetik. Ibilbide honetan bere ondoan izan dituen guztietaz (bereziki hilik dauden horietaz) oroitu zen eta urte asko diren arren, oraindik lanean gogor jarraitzeko asmoa duela esan zuen Azpiazuk.

Jabier Azpiazu eta Rafa Etxaniz batzarrean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.