Mendia

Mendia
2015-05-19 15:53:33
LASTERKETAN ARITU ZIREN TXANTXIKUARRAK, OÑATI IRRATIAN HITZ EGIN DUTE
Zegama-Aizkorri lasterketa, oñatiarren ikuspuntutik

«Zegama, Zegama da». Hori da hain zuzen ere, lasterketa honi buruz galdetuta, inguruan dabiltzanek gehien erabiltzen duten deskribapena. Mundu mailan dauden mendiko proba ezberdinen artean, bereziena dela onartu zuten atzo, aurtengo lasterketan izan diren bost txantxikuarrek. Antonio Matilla eta Iñaki Mendizabalek ostiraleko kilometro bertikala egin zuten eta Unai Agirrebalzategi, Axier Alonso eta Iban Letamendik berriz, maratoia. Bakoitzak bere hausnarketa pertsonala egin zuen, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian.

 

Mundu mailan sekulako prestigioa duen lasterketa da Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Urtetik urtera milaka izaten dira lasterketa honetan egoteko nahia izaten dutenak, baina ehundaka batzuk soilik izaten dute lasterketa barrutik bizitzeko aukera. Eta aurtengo edizioan lehiatu diren korrikalari guztien artean, bost oñatiarrak izan dira. Antonio Matilla eta Iñaki Mendizabalek ostiraleko kilometro bertikala egin zuten eta Unai Agirrebalzategi, Axier Alonso eta Iban Letamendik berriz, maratoia. Bakoitzak helburu pertsonal batekin ekin zion lasterketari eta atzo, Oñati Irratian esandakoaren harira, nahiko gustora gelditu ziren egindako lanarekin.

 

Antonio Matilla eta Iñaki Mendizabalek denboraldiko helburu nagusi bezala hartu zuten Zegamako kilometro bertikala. Matillak lasterketa erdibidean utzi behar izan zuen proba, orkatillako lesio baten ondorioz. Mendizabalek berriz, oso lasterketa ona burutu zuen. 40:48 kronoarekin, sailkapen nagusiko 27. postua eskuratu zuen eta junior kategorian azpitxapelduna izan zen.

 

Hiru oñatiar, maratoian

Hiru oñatiarrek izan zuten igandeko maratoia egiteko aukera. Unai Agirrebalzategi, Axier Alonso eta Iban Letamendi izan ziren Oñati lasterketa entzutetsu honetan ordezkatu zuten herritarrak. Lehenengoak belauneko arazo batekin hasi zuen proba eta hasiera batean erdia egiteko asmoa bazuen ere, lasterketa amaitzea lortu zuen (6:12:21). «Sei urte eman ditut dortsala lortu nahian eta aurten belauneko lesio batekin ibili naiz azken asteetan. Sufrituta baina amaitzea lortu nuen».

 

Alonsorentzat berriz, igandekoa bere lehen Zegama izan zen. Eta antolakuntzak beragan erakutsitako konfidantza -dortsala oparitu zioten- berrestu egin zuen. Sekulako proba egin zuen eta atzo adierazi zuenez, «momentu oro gozatzen eta negar malkoak eusten» joan zen ibilbide guztian zehar. Axierrek 4:34:30 denbora egin zuen eta TOP 50 barruan sartu zen, 48. postua eskuratuz.

 

Iban Letamendiren testigantza ere, oso berezia izan zen. Iaz 4:04 egin zuen oñatiarrak eta bere izena korrikalari garrantzitsuenen artean kokatuta egonagaitik ere, Letamendik bazekien aurtengoa oso bestelakoa izango zela: «Iazko Zegama egin ostean lesionatu egin nintzen eta hamar hilabetez egon naiz korrikarik egin gabe. Bost asteko prestakuntza eskasarekin joateko, oso pozik nago egindakoarekin». Iaz baino 15 minutu gehiago egin zituen (4:19:46) baina orokorrean, balorazio oso positiboa egin zuen Euskal Selekzioko kideak.

 

Bestelakoan, bost oñatiarrek lasterketa barruan sentitu eta bizi izan zuten esperientziaz hitz egin zuten atzoko solasaldian. Tertulia guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Matilla eta Mendizabal, ostiraleko kilometro bertikalean. Argazkiak: Lasterketak.eus

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.