Eskubaloia

Eskubaloia
2015-04-17 08:26:50
BIGARREN URTEZ JARRAIAN JOKATUKO DUTE IGOERA FASEA
Euskal ligara igotzeko lehen urratsa eman nahi du bihar, Izarraitz Aloña Mendik

Gipuzkoako lurraldeko txapelketa on bat burutu ostean, Aloña Mendiko gizonezkoen senior mailako taldeak, bigarren urtez jarraian lortu du Euskal ligarako igoera fasea jokatzeko baimena. Iaz ere, lauko finalera iritsi ziren eta finalerdia galduta, ezin izan zuten amestutako igoera lortu. Iazko esperientzia baliogarria izango da aurten, erronka konplexua lortu ahal izateko.

 

Bihar arratsaldean (16:30) hasiko du Izarraitz Aloña Mendik Euskal ligara igotzeko bigarren saiakera. Iaz egin zuen lehen ahalegina eta balentria lortzeko ateetan gelditu zen Rafa Zuluetaren taldea. Aurten ordea, iazko esperientzia baliatuz, urte hasieran buruan zeukaten ametsa errealitate bihurtzen saiatuko dira. «Oso zaila izango da, lehen ligaxka honetan sailkapena lortu behar dugulako lehenik, eta hori eskuratuz gero, lauko finalean txapeldun edo azpitxapeldun izan beharko genuke. Gure betebeharra da saiakera egitea» adierazi digu taldeko entrenatzaileak.

 

Dena den, aipatzekoa da igoerako talde guztiek dituztela goragoko mailetan taldeak eta horrek pixka bat aldatu dezake egoera: «Denboraldian zehar goiko taldean aritu diren jokalari batzuk jeitsi egingo direlako igoera hau jokatzera» eta hori somatu egiten dela dio Zuluetak. Aloña eta Sestao izan ezik, beste guztiaek dute goragoko mailaren batean taldea.

 

Ligan zenbaki oso erregularrak lortu ditu taldeak. 20 partidetan 13 irabazi, 1 berdindu eta 6 lehia baino ez ditu galdu talde gorritxoak. Hirugarren postuan sailkatu dira Oñatiarrak Donibane eta Tolosaren atzetik.

 

Rafa Zuluetak, iazko zutabe berdina mantendu du aurtengo denboraldian. Hala ere, gabonetan garrantzia handiko bi fitxaketa egin zituen taldeak: Kepa Zelaia eta Jon Irizar. Bi jokalariek, esperientzia eta sendotasuna eman diote iaztik ere, oso maila ona zuen plantillari. Igoera faseari begira, hutsune bakarra Ander Mantxola izango da. Belauneko lesio larri baten ondorioz, errekuperazio lanean ari baita.

 

Lehen aurkaria, Romo

Bihar arratsaldeko 16:30 jokatuko du lehen partida Izarraitz Aloña Mendik. Zaletu fidelen aurrean egingo dute debuta txantxikuarrek. Aurkaria Romo talde bizkaitarra izango da, Bizkaiako ligan bigarren sailkatua. Erreferentzia handirik ez duten arren, «talde oso gogorra eta gaztea» izango dela adierazi digu Zuluetak.

 

Hori horrela, bost jardunaldi baino ez ditu izango lehen ligaxka honek. Aloñak hiru partida jokatuko ditu etxean eta Zubikoako lehiak aurrera ateratzen badira, lauko finalerako sailkapena bideratuta izango dute txantxikuarrek. Horregaitik, eskubaloi sailak dei berezi bat egiten die herriko zaletuei, bihar arratsaldean Zubikoara hurbildu eta taldea animatzeko.

Igoera lortzen saiatuko da bigarrenez, Izarraitz Aloña Mendi.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.