Duatloia

Duatloia
2015-04-16 09:26:04
ESPAINIAKO TXAPELKETAN LEHIATU ZEN LARUNBATEAN, SORIAN
Xabier Luis: «Elite mailan ez dago bromarik. Momentu oro, nire 120%ean joan nintzen»

Profesionalen artean aritzeko aukera ez da egunero izaten eta Xabier Luis oñatiarrak, pasaden larunbatean probatu zuen esperientzia Elite mailako Espainiako Duatloi txapelketan: «Elite mailan ez dago bromarik. Momentu oro, nire 120%ean joan nintzen» onartu zuen atzo Xabier Luisek Oñati Irratian egindako elkarrizketan.

 

2015. urteko duatloi denboraldia amaitzear den honetan, proba oso garrantzitsuak jokatzen ari dira azken asteotan. Pasaden asteburuan esaterako, Soriako herriak maila guztietako Espainiako txapelketak hartu zituen. Guztira 1000 kirolaritik gora. Eta elite mailako lasterketan, Antxintxika Triatloi taldean ari den Xabier Luis oñatiarrak lasterketa oso txukuna egin zuen. 51. postuan iritsi zen helmugara.

 

Otsailean eskuratu zuen Luisek, Sorian lehiatzeko txartela: «Valentziara joan nintzen duatloi batean parte hartzera eta lehen hamabost postuetan sailkatu nintzenez, Espainiako txapelketarako pasea lortu nuen». Denboraldiko helburu nagusienetariko bat zen oñatiarrarentzat Espainiako txapelketa: «Bi helburu garbirekin hasi nuen ikasturtea. Alde batetik, etxeko duatloia, Oñatikoa, ondo egitea eta bestalde, Espainiako Txapelketan elite mailakoekin aritzea zen beste erronka nagusia».

 

Bi helburuak bete dituela adierazi zuen besteak beste Luisek, atzoko elkarrizketan: «Oñatin laugarren egin nuen eta Sorian 51. Agian jendeak ez du aintzat hartuko, baina niretzat oso emaitza positiboa da. Estatu osoan 100 duatletak bakarrik izan dugu bertan aritzeko aukera eta hori oso handia da niretzat».

 

Erregulartasuna

Aurtengo denboraldia, oso ona izaten ari da Xabierrentzat. Beste urte batzuekin alderatuta, erregulartasun handia lortu baitu. Ermuan, Oñatin eta Eibarren laugarrena izan zen. Mungian berriz hirugarren eta sprint distantziako Gipuzkoako txapelketan, bigarren postua eskuratu zuen.

 

Emaitza horiek, konstantziaren sari izan direla esan zuen: «Aurten oso giro txarrarekin tokatu zaigu entrenatzea, baina oso serio hartu ditut lan saio guztiak eta gauzak ondo egiten direnean, batzuetan behintzat, islatu egiten da txapelketetan».

 

Larunbatean Euskadiko txapelketa

Duatloi denboraldia larunbatean amaituko da txantxikuarrarentzat. Proba garrantzitsua izango du gainera Luisek. Izan ere, distantzia motzeko Euskadiko txapelketa jokatuko baita Azkoitian. «Gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatuko naiz baina podiumean egotea oso zaila ikusten dut» zioen atzoko elkarrizketan.

 

Antxintxika taldeko duatletak Oñati Irratian esan zituenak entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Xabier Luis Sorian, korrikako partzialean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.