Mendia

Mendia
2015-04-15 12:37:21
Urtebete min hartuta egon ostean, Euskal Selekziora itzuli da
Irribarrea bueltatu da Iban Letamendiren aurpegira

2014. urtea Iban Letamendiren kirol ibilbideko urterik gogorrena izan da. Denboraldi hasiera bikaina osatu bazuen ere, Zegama Aizkorri maratoiaren ostean, orkatillako lesio batek ia urtebetez utzi du lehiaketetatik kanpo txantxikuarra. Errekuperazioa «oso gogorra» egin zaiola onartu digu. Hala ere, azken hileotan, badirudi poliki-poliki argia ikusten hasia dela. Errekuperazioaren azken txanpan sartuta dagoen honetan, Euskal Selekzioaren deia jaso du Espainiako Txapelketa lehiatzeko.

 

Kirol ibilbideko momenturik onenean zegoela iritsi zitzaion kolpea Letamendiri. Martxoan, Cangas de Oniseko lasterketan garaipena lortu zuen. Espainiako kopako lehen proba puntuagarrian Aiguafredan, hirugarren postuan helmugaratu zen. Apirilean berriz, Alhaurin el Grande (Malaga) jokatu zen Espainiako kopako lbigarren proba puntuagarrian, berriz ere errepikatu zuen Katalunian lorturiko hirugarren postua. Erregulartasun horrek, Espainiako Kopako lidertza eman zion Letamendiri baina ordutik, zoritxarrez, amaierarik gabeko tunel ilun batean sartuta egon da mendi lasterkari oñatiarra.

 

Iazko Zegama Aizkorri izan zen bere azken lasterketa. Maila bikaina eman zuen gainera. 14. postuan iritsi baitzen helmugara 4:04:42 kronoa osatuz. Baina ordutik, burua ezin altxatu ibili da: «Egia esan ez dakit zer gertatu zitzaidan. Aizkorriko maratoia oso ondo amaitu nuen baina hurrengo astean orkatillako tendoian minarekin hasi nintzen eta ia-ia gaur arte geldi egon behar izan dut» esan digu. Errekuperazioari buruz galdetuta, bere kirol ibilbide luzeko momentu zailenak izan direla onartu digu Letamendik: «Ez nuen espero horrenbeste luzatuko zenik. Sekulako minekin ibili naiz eta 11 hilabete hauetan, ezin izan du korrikarik egin. Gehiago esango dizut, oinez ere, min handia sentitzen nuen».

 

Bizikleta sendagai

Korrika egin gabe, bizikleta izan da sasoi puntua erabat ez galtzeko erabili duen sendagaia: «Bizikletan ez nuen minik sentitzen eta sasoia mantentzeko hori da egin ahal izan dudan kirol bakarra. Ez dauka zerikusirik korrikarekin, baina, lan aerobikoaren oinarria mantentzeko balio izan dit».

 

Orain baina, azken asteetan minak gutxitzen hasi dira eta dagoeneko lehen korrikako saioak osatzen ari da oñatiarra: «Izugarri gogorra egiten ari zait itzulera. Erritmoa erabat galdu dut eta momentu hauetan dudan helburu bakarra, arazo fisikoak ekidin eta gutxinaka-gutxinaka nire sasoi onenera hurbiltzea izango da». Hala ere, oraindik lan asko egitea tokatuko zaiola garbi dauka Ibanek.

 

Selekzioaren deia

Urtebete geldi egonagaitik ere, Euskal hautatzailearen deia jaso du Ibanek egunotan: «Oso eskertuta nago. Nire sasoi puntu onenetik urruti nago baina nigan erakutsi duten konfidantzak, asko motibatzen nau, lanean gogor jarraitzeko» diosku.

 

Izan ere, beste urtebetez, mendiko lasterketen Espainiako Txapelketak, Euskal Selekzioaren presentzia izango du ultra eta kilometro bertikalean. Deialdian sartu dituzten korrikalari batzuk, Urnietan jokatu zen Euskal Herriko txapelketaren ondorioz iritsi dira selekzioara eta beste batzuk ordea, pasaden urteko emaitzei esker edo iritzi teknikoengatik izan dira hautatuak.

 

Euskal Selekzioko lasterkariek, ondorengo probak lehiatu beharko dituzte: Alhaurin El Grande (Málaga, apirilak 26), Navacerrada (Madrid, ekainak 26 eta 27) eta kilometro bertikalean, Fuente Dé (Kantabria, ekainak 7). Hautatuen artean izen ezagunak, eta sorpresa bat baino gehiago eman dezaketen lasterkariak daude. Hauek dira Euskal Selekzioa ordezkatuko duten korrikalariak:

 

MENDIKO LASTERKETA

(apirilak 26, Alhaurin el Grande, Malaga)


Gizonezkoak: Aritz Egea, Hassan Ait Chaou, Imanol Goñi, Imanol Larrañaga, Iban Letamendi, Mikel Albeniz eta Carlos Garcia.


Emakumezkoak: Maite Maiora, Montse Vazquez, Virginia Perez, Oihana Kortazar, Elena Calvillo eta Sandra Sevillano.

 

ULTRA

(Ekainak 26 eta 27, Navacerrada, Madrid)

 

Gizonezkoak: Gaizka Barañano eta Imanol Aleson.

 

Emakumezkoak: Jone Urkizu eta Silvia Trigueros.

 

KILOMETRO BERTIKALA

(Fuente Dé, Kantabria, ekainak 7)

 

Gizonezkoak: Iñigo Lariz eta Imanol Goñi.

 

Emakumezkoak: Montse Vazquez eta Aitziber Ibarbia.

Letamendi, iazko Zegama Aizkorrin. Argazkia: Igor Quijano

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.