Eskubaloia

Eskubaloia
2015-03-23 14:41:32
IGOERA FASEA JOKATZEKO LEHIAN DIRA OÑATIARRAK
Landutako puntua Izarraitz Aloña Mendirentzat

Ezin denean irabazi, ez galtzea garrantzitsua izaten da askotan. Hori da hain zuzen ere hotzean, larunbateko norgehiagokatik atera daitkeen ondorio nagusia. Aloñak partida irabazteko aukera izan zuen baina lehia amaitzeko 30 segundu faltan, armaginek gol bateko abantaila zuten markagailuan. Zorionez baina, Asier Urrutiak azken segunduetan gauzatutako penalti garrantzitsu bati esker, urrezko puntua urratu zuen Aloña Mendik, Eibarko Haritzaren aurkako partidu garrantzitsuan (29-29).

 

Igoera fasea jokatzeko helburua duten Izarraitz Aloña Mendi eta Eibarko Haritza taldeen artekoa, jardunaldiko partidarik interesgarrienetarikoa zen. Oñatiarrak hirugarren, 22 punturekin eta eibartarrak berriz, laugarren 20 punturekin. Hirugarren postua jokuan zegoen eta Zubikoara hurbildu ziren eskubaloi zaletuek, partida eder bat ikusi ahal izan zuten: golak, estrategia, tentsioa...azken segundurarte.

 

Partida oso lehiatua izan zen larunbatekoa eta distantzia laburrekin mugitu zen markagailua momentu oro. Oñatiarrek gehienera, lau goleko abantaila izan zuten eta eibartarrek berriz hirukoa. Hala ere, kantxan ikusten zenagaitik garbi zegoen azken minutuetara iritsi arte, ez zela partida erabakiko. Hori horrela, arauzko lehen 30 minutuen amaierara, 12-12 markagailuaz iritsi zen partidua.

 

Bigarrenean, emozioa

Bigarren zatia ikusgarria izan zen. Erasoak defentsen gainetik egon ziren bi aldeetan eta talde bakoitzak 17 gol egin zituen. Aloña hobeto hasi zen eta Rafa Zuluetarenek 2 eta 4 gol arteko abantailak kudeatu zituzten lehen minutuetan. Baina hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Armaginek defentsa sendotuz markagailua berriz ere berdintzea lortu zuten eta azken 10 minutuak tentsioz beterikoak izan ziren.

 

Oñatiarrek partida irabazteko aukera izan zuten baina, azken erasoetan kamuts ibili ziren. 30 segundu faltan, eibartarrak 28-29 aurreratu ziren eta puntuek Zubikoatik ihes egingo zuela zirudienean, Aloñak jendearen babesarekin, azken jokaldi bat gauzatu eta aldeko penaltia lortu zuen. Asier Urrutiak gola egin eta 29-29 berdindu zuen markagailua. Segundu bakar batzuk falta ziren partida amaitzeko eta ez batak ez besteak, ezin izan zuten ezer gehiagorik egin. Azkenean, puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek.

 

Oñatiarrentzat puntu oso ona da, izan ere, eibartarrekiko aldea mantentzeaz gain, averagea ere aldeko utzi zuten eta horrek, garrantzia handia izango du liga amaiera bitartean. Momentu hauetan helburua lehen hiru postuetan mantentzea da. Izan ere, horrek, igoera fasea jokatzeko txartela emango lioke Rafa Zuluetaren taldeari.

 

Bi partida liga amaitzeko

Liga amaitzeko bi partida soilik falta dira eta dagoeneko jakinekoa da lehen hiru sailkatuek igoera fasea jokatuko dutela. Hala ere, Donibane taldearekin hartzen den erabakiaren baitan baliteke, laugarrenak ere sailkapena lortzea. Beraz, Aloñak bideratuta dauka bigarren urtez jarraian igoera fasea.

 

Hala ere, oraindik bi partida konlexu jokatu beharko ditu liga amaitu bitartean. Asteburuan Urnietan eta azken jardunaldian, liderra den Donibaneren bisita jasoko dute Zuluetarenek.

 

Sailkapena [hemen].

Partida oso lehiatua izan zen larunbatekoa.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.