Futbola

Futbola
2015-03-20 10:13:53
6 GOL SARTU DITU AZKEN BI PARTIDETAN
Hat-Trick berri bat Ugartek, Aloña zulotik ateratzeko

Aloña Mendik 3-1 irabazi zion atzo Usurbili Azkoagainen jokaturiko liga partiduan. Otsailaren 8an izandako elurteagatik atzeraturiko partida izan zen atzokoa eta aurkari zuzena izanik, behar-beharrezkoak zituen hiru puntu eskuratu zituen talde gorritxoak. Asier Ugarte izan zen beste behin, lehiako protagonista nagusia. Aurrelariaren hat-trick bati esker, Aloñak 7 puntutara utzi ditu jaitsiera postuak.

 

Otsailaren 8an izandako elurteagatik atzeratu zen partida oñatiarren nagusitasuna izan zuen lehen zatian. Aloñako jokalariek izan zuten baloiaren kontrola eta jokoaren iniziatiba. Aipagarria 22. minutuan Mikel Palaciosek buruz egindako errematea eta Orokietaren gelditu bikaina. Igor Serranoren mutilak nagusi baziren ere, lehen zatiko 39. minutuan oñatiarrek atzealdean egindako akats baten ostean iritsi 0-1ekoa. Lizarazuk baloia lapurtu zuen eta Julen Agirreren ate aurrean, bakar-bakarrik, usurbildarren gola egin zuen.

 

Oñatiko jokalari eta zaleen zorionerako berdinketaren gola lehen zatia amaitu aurretik iritsi zen. Partidako 45. minutuan Asier Ugartek baloia area ertzean jaso, eta bere jaurtiketa, Usurbilgo atzelari batek ukitu ostean, Orokietaren atean sartu zen. Atsedenaldira beraz, 1-1 berdinketarekin joan zen partidua.

 

Bigarren zatian ere, nagusi

Bigarren zatia ere oñatiarren nagusitasunarekin hasi zen. 56. minutuan, Asier Ugartek bikainki errematatu zuen buruz Gaizka Zelaiaren erdiraketa eta baloia, atezainaren gainetik ate barrura sartu zen, 2-1. Oñatiarren bigarren gol horren ondorengo minutuak, Aloñakoentzat izan ziren, baina Usurbil taldekoak ezer galtzeko ez zutela ikusirik, aurrerapauso bat eman eta arrisku dexente hartzen hasi ziren.

 

Pixkanaka-pixkanaka Julen Agirreren atera hurbiltzen hasi ziren kanpotarrak. Hala ere, zorionez partidako azken txanpan, 85. minutuan, Asier Ugarteren gol berri batek partida erabaki zuen. Izan ere, Asier Ugartek kontraeraso azkar batean, Gazika Zelaiak emandako baloia hartu eta atezainaren aurrean bakar-bakarrik 3-1ekoa lortu zuen.

 

Asier Ugarteren astea

Asier Ugartek eginiko hat-trickari esker, garaipen bikaina lortu dute Aloñakoek eta sailkapenean arnasa hartzeko aukera ematen dien urrezko 6 puntu eskuratu dute azken astean. Azpimarratu, bestalde, Asier Ugartek jarraian lortu duen bigarren hat-tricka izan zela atzokoa. Pasa den larunbatean Ordizian lorturiko garaipenean (1-3), beste bat egin baitzuen. 6 egun eskasetan 6 gol sartu dituela, alegia. Ikaragarria!

 

Gogoratu, igandean 16:30ean, ligako 27. jardunaldiari dagokion partida jokatuko duela berriz ere Azkoagainean, Igor Serranoren taldeak.

Asier Ugartek 3 gol egin zituen. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.