Euriak baldintzatutako duatloia izan zen larunbatekoa. Euriak eta ibilbide aldaketak eraginda, beste urte batzuetan baino parte-hartzaile gutxiago bildu ziren asteburuan Oñatiko plazan. Hala ere, zailtasunak zailtasun, proba ondo burutu ahal izan zen eta eguneko protagonista nagusiak Lourdes Oiartzabal eta Pello Osoro izan ziren.
Oñatiko duatloiaren 24. edizoak bi izen propio izan zituen: Lourdes Oiartzabal eta Pello Osoro. Lezotarrak ez zuen aurkaririk izan emakumezkoen artean eta eibartarrak berriz, Jose Almagro madrildarrarekin lehia polita mantendu zuen. Azkenean, 12 segunduko aldearekin iritsi zen bakar-bakarrik, Foruen Enparantzan kokaturiko helmuga puntura. Zirkuitu aldaketak edo eguneko giro pattalak eraginda, beste urte batzuetan baino parte-hartzaile gutxiago izan zituen aurtengoak. Guztira 138 duatleta; 126 gizonezko eta 12 emakumezko.
Zirkuituaren gogortasunari ez ezik, eguraldi makurrari ere, aurre egin behar izan zieten larunbatean parte-hartzaileek. Hala ere, bizikletako sektoreak izan zitzakeen arriskuak, zorionez ekidin egin ziren eta orokorrean, arazorik gabe pasatu zuten azterketa duatleta gehienek. Irteeran abiatu ziren 138 kirolarien artean, 7 duatletak soilik, utzi zuten lasterketa.
Oñatiarren artean, beste urte batzuetan baino gutxiago izan ziren aurten. Guztira 4 herritarrek osatu zuten larunbateko duatloia eta azkarrena, Xabier Luis (4. postua) izan zen. Probako sailkapen ofizialak [hemen].
Bi irabazleen ibilbidea oso ezberdina da. Lourdes Oiartzabal duatleta beteranoa da eta makina bat urte daramatza mundu honetan. Larunbatekoa gainera, denboraldiko hirugarren garaipena izan zen lezotarrarentzat eta Oñatin lortzen duen bigarrena (2013an ere irabazle izan zelako). Oiartzabalek proba amaieran Euskadi Irratiari egin zizkion adierazpenak entzuteko, sakatu [hemen].
Pello Osoro berriz, 23 urtez azpiko atleta da. Etorkizun oparoa duena eta larunbatekoa Oñatin lortzen duen lehen garaipena izan zen. Eibartarrak ere Euskadi Irratiko lagunekin hitzegin zuen proba amaieran. Elkarrizketa [hemen].