Atletismoa

Atletismoa
2015-03-03 17:50:36
ATLETISMO SAILEKO KORRIKALARIAK, OÑATI IRRATIAN IZAN ZIREN ATZO
Yeray Varela: «Maila honetan mantentzeko, babesle baten beharra daukagu ezinbestean»

Caceresetik itzuli berritan, Aloña Mendiko atletismo saileko lagunak, Oñati Irratiko estudioetatik pasa ziren atzo arratsaldean. Yeray Varela eta Sergio Garcia izan ziren kirol tarte nagusiko gonbidatuak. Espainiako txapelketan bizi izandako esperientziaz aritzeaz gain, sailaren egoera eta korrikalarien helburuetaz mintzatu ziren solasaldian zehar. Dena den, saioak titular berezi bat utzi zuen: Kirol arloan sailaren osasuna bikaina bada ere, ekonomikoki nahiko larri daudela adierazi zuten.

 

Espainiako txapelketan 13. postua lortu ondoren -lehen Euskal taldea-, asteburuak emandakoaz aritu ziren atzo Yeray Varela eta Sergio Garcia korrikalariak, Oñati Irratko kirol tarte nagusian. Biak ala biak oso pozik azaldu ziren egindakoarekin: «Agian kanpotik ez da egin duguna behar bezala baloratuko, baina goi mailako atletekin aritu gara eta hori oso zaila da. Hau atletismoko txapeldunen liga da eta ez dago goragoko mailarik estatuan».

 

Arlo indibidualean ikuspuntu kontrajarriak azaldu zituzten gonbidatuek. Varelaren kasuan, sasoiko dagoela eta egindakoaz oso gustora gelditu zela onartu zuen: «Oso ondo aurkitzen naiz eta lasterketa oso ona egin nuen. Tankera honetako txapelketa batean lehen 70-80 sailkatuetan sartzea izugarria da, kontutan hartzen badugu lehen postuetan afrikarrak eta profesional ugari daudela».

 

Garciaren egoera berriz, guztiz bestelakoa da. Lana eta ikasketak uztartzen ditu bere egunerokoan eta egunak beteta izaten dituenez, aurten bere sasoi puntu onenetik oso urruti dagoela adierazi zuen: «Gaueko 22:00etan lanetik irten eta afaldu gabe joaten naiz entrenatzera. Goizez Aretxabaletara joaten naiz ikastera eta arratsaldez lana egitea tokatzen zait. Ezin dut gehiago egin! Taldearen alde lana egitera joan nintzen Caceresera, banekien askoz gehiago ezingo nuela egin».

 

Laguntza ekonomiko beharra

Saio amaieran, Yeray Varelak mezu garbi bat utzi nahi izan zien entzule guztiei. Kirol arloan osasuna bikaina bada ere, ekonomikoki nahiko larri daudela azpimarratu zuen: «Geroz eta gehiago gara taldean, umeetatik hasi eta beterano mailako korrikalariak arte. Fitxak, erropak, bidaiak…ordaindu behar dira eta azkenaldia nahiko larri gaude alor honetan».

 

Caceresen adibidez, uko egin behar izan zioten kros motzean lehiatzeari, beste 6-8 taldekide eramateak sekulako kostu ekonomikoa izango lukeelako taldearentzat (autobusa, izen ematea, hotela…). Datu benetan adierazgarria.

 

Gonbidatu ezberdinak

Saioa osatzeko, solasaldian zehar, beste bi protagonistarekin hitz egiteko aukera ere izan zuten. Lehena, Unai Hernandez taldekide urretxuarra izan zen. Hernandezek, asteburu oparoa izan du. Gipuzkoako txapelduna izan baita pistan 1500 metrokoan eta igandean Debako lasterketa herrikoia irabazi baitzuen. Bere egoera pertsonalari buruzko hainbat datu eman zituen Hernandezek.

 

Azkenik, atletismo saileko presidente Juan Carlos Ugarteren iritzia ere jaso zuten. Ugartek, sailaren egoeraz hitzegin zuen. «Azken urteetan lortzen ari garena izugarria da. Lau urte daramatzagu Espainiako txapelketeten taldeka lehiatzen eta egia esan hori oso zaila da». Hala ere, saileko lehentasuna, kirol hau irakatsi eta berarekin gozatzea dela adierazi zuen presidenteak.

 

Irratsaio osoa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcast-ean.

 

Yeray Varela eta Sergio Garcia Oñati Irratiko estudioan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.