Txirrindularitza

Txirrindularitza
2015-01-29 11:04:32
GAUR ESTREINATUKO DA MURIAS TALDEA MALLORCAKO CHALLENGEAN
Jon Odriozola: «Urduritasuna somatzen da, baina erronkari aurre egiteko prest gaude»

Euskal txirrindulari talde profesionalari iritsi zaio errepidean jartzeko ordua. Zaila eta konplexua izan da Murias taldearen jaiotza, baina sortu zenetik, debuta noiz iritsiko zain izan dira txirrindulari zein zalegoak. Gaur hasi eta igandera bitartean, Mallorcako errepideetan barrena ikusiko ditugu berdez jantzitako txirrindulariak. Debutaren atarian, taldeko zuzendari nagusia den Jon Odriozolak, Oñati Irratian hitzegin du.

 

Gaur hasiko da ofizialki Murias txirrindulari taldearen profesional mailako ibilia. Euskaltel taldea desagertu zenetik, umezurtz zegoen Euskal txirrindulari zalea baina zorionez, berdez jantzita ikusiko ditugun ziklistek, esperantza eta ikusmira handia sortu dute euskal txirrindulari zaleen artean. Asko kosta bada ere, pelotoi profesionalean luzaroan gelditzeko asmoarekin jaio da Odriozola oñatiarra buru duen Murias txirrindulari proiektua. Kontinental mailan abiatuko da aurtengo denboraldian, baina taldeko arduradunek behin eta berriz azaldu duten bezala, «erreferente» izateko asmoarekin jaio dira eta etorkizunera begira hazteko ilusioa dutela errepikatu dute behin eta berriz.

 

Asteartetik Mallorcan da euskal taldea eta ordezkari guztiak itzulia noiz hasiko irrikitan daudela adierazi zuen atzo Oñati Irratian, Jon Odriozolak: «Egia esan, lasterketa noiz hasiko zain gaude guztiok. Urduritasuna somatzen dut baina era berean ilusioa eta gogoa ere, izugarria da. Eman diguten aukera hau aprobetxatu nahi dugu». Zuzendari oñatiarrak taldearen egoera eta asmoetaz hitzegin zuen besteak beste atzoko elkarrizketan.

 

9 txirrindulari debuterako

Murias taldearen asmoa, taldeko hamabi txirrindulariak Mallorcara eramatea zen, baina ez da posible izan. Ander Barrenetxea eta Adrián González azterketak direla eta etxean gelditu dira eta Haritz Orbek berriz, urtarrila hasieran izandako eroriko baten ondorioz, erabat osatu gabe, etxean gelditu da.

 

Beraz taldeak, bederatzi txirridularirekin egingo du debuta Mallorcako Challengean: Egoitz Garcia, Gari Bravo, Beñat Txoperena, Imanol Estévez, Ion Ander Insausti, Unai Intziarte, Eneko Lizarralde, Aritz Bagues eta Mikel Bizkarrarentzat egun berezia izango da gaurkoa zalantza izpirik gabe.

 

Murias Taldearen helburuetako bat denboraldi hasiera on bat egitea da eta ildo horretan, txirrindulari guztiak Mallorkara sasoi puntu onean iritsi direla baieztatu zuen atzo prestatzaile txantxikuarrak. Gari Bravo, Beñat Txoperena eta Aritz Bagues izango dira Murias taldearen erreferente nagusiak gau hasi eta igandera arte luzatuko den itzulian.

 

Mallorcako challengearen azken ordua jarraitzeko sakatu [hemen]. Jon Odriozolak atzo Oñati Irratian eman zuen elkarrizketa berriz, beheko podcastean entzun ahal duzue:

 

Murias taldeak gaur egingo du debuta profesional mailan. Argazkia: Murias Taldea.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.