Futbola

Futbola
2015-01-26 10:41:33
ZARAUTZ AURKARI ZUZENA GAINDITU ZUTEN SERRANORENEK (3-1)
Denboraldiko lehen finalean, garaile Aloña Mendi

Ezinbesteko garaipena lortu zuen atzo arratsaldean, Ohorezko Erregional mailako taldeak Zarautzen aurkako partida garrantzitsuan. Igor Serranoren mutilek denboraldiko lehen finala ondo atera zuten. Aurkaria baino gehiago izan ziren berdegunean eta lortutako hiru puntuei esker, arnas pixka bat hartzen du taldeak sailkapenean.

 

Partidaren hasieran hil berri diren Severiano Martin eta Migel Aramendi Korta-ren izenean minutu bateko isilunea gorde zen. Severiano Martin, Jesus Martin Barbero futbol saileko atezainen entrenatzaile eta laguntzaile denaren aita zen. Migel Aramendi berriz, 1970ko hamarkadan Aloña Mendiko atezaina izan zen.

 

Hasierako minutuetan berdintasuna nagusi izan bazen ere, hogeigarren minututik aurrera gutxinaka-gutxinaka, oñatiarrak nagusitzen hasi ziren Azkoagaineko zelai gainean. Partidako 25. minutuan atzelariek luze jaurtitako baloia Julen Palaciosek buruz orraztu, eta Asier Ugartek jaurtiketa indartsu baten bidez, 1-0 ezarri zuen markagailuan. Gol horren ostean, Aloñako jokalariek baloiaren jabetza nabarmen izan zuten eta aukera garbirik sortu ez bazuten ere, hurbilago ikusten zen 2-0koa berdinketa baino. Lehen zatiko azken minutuan Julen Palaciosek izan zuen bigarren gol hori lortzeko abagune bikaina, baina gutxigatik ezin izan zuen baloia buruz errematatu.

 

Bigarren zatiaren hasieran, zarauztarrak berdinketaren bila irten ziren lotsagabe. Hala ere, 57. minutuan gorritxoek eskuin hegaletik eramandako eraso baten ostean, Asier Ugartek zarauztarren area barruan baloia hartu eta atzelariaren gainetik baloia loratuz, ezker bolea bikain baten bidez 2-0 jarri zuen markagailuan. Gol ederra, kalitate handiko jokalariek soilik sartzen duten horietakoa.

 

Urduritasuna luzapenerarte

Partidua erabat kontrolatuta zutenean, bigarren zatiko 24. minutuan, Aloñakoek ez zuten asmatu baloia atzetik ateratzen eta Zarautzeko Cachafeirok area kanpoko jaurtiketa eder baten bidez, 2-1 ezarri zuen markagailuan. Hortik aurrera, urduritasuna nagusitu zen berdegunean eta harmailetan. Partidako azken minutuetan, halabearrez, zarauztarrek eraman zuten partidaren erritmoa baina zorionez, ez zuten aukera garbirik sortu Aginagalderen ate inguruan.

 

Lertxundiren gol ikusgarria

Partida amaitzeko bost minutu falta zirela, kontraeraso azkar batean, Asier Ugartek hirugarren gola lortzeko aukera aparta izan zuen baina ez zuen asmatu Ruizen atearen aurrean. Hala ere, oñatiarren zorionerako 90. minutuan beste kontraeraso batean, Ion Lertxundik partida erabaki zuen gola lortu zuen. Atezainari baloia bikain loratuz sartu zuen gola Lertxundik.

 

Azkoagainera hurbildu zirenen txalo zaparrada estuaz amaitu zen lehia. Garaipen bikaina, sailkapenean aurrerapauso handia ematea ahalbideratzen duena.

Irizar area barruan errematatzen. Argazkia: Goiena.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.