Ostiral arratsaldean banatuko dira 2014ko Oñatiko Kirol Sariak. Urtean zehar gehien nabarmendu diren kirolari eta honen inguruan lan egiten duten eragile, teknikari eta laguntzaileen lana aitortuko dute arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldian. Herritarren sarirako botazioa baina, bihar itxiko da.
Iaz egin zen bezala, aurten ere ohiko sariez gain, herritarren saria emango da bigarren urtez. Herritarrek ere urteko kirolaririk onena hautatzeko aukera izango dute, biharko eguna bitartean (www.oñati.eus web orrian). Hautagaiak Iokin Garai mendi lasterkaria, Mikel Ugarte triatleta eta Arianna Burgos gimnasta dira.
Ekitaldiko astean sartzearekin batera, saria irabazteko hiru hautagaiak, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian elkartu zituzten astelehen arratsaldean. Besteak beste, bukatzear dagoen urte hau beraien kirol ibilbideetako onena izan dela aitortu zuten. Kirolari bakoitza nolakoa den ezagutzeko parada ere, izan zen.
Tertulian zehar, herritarren sariko lehen irabazlea izan zen Josune Odriozola igerilariaren presentzia ere izan zuten. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai: