Atletismoa

Atletismoa
2014-12-15 12:07:16
Eibarko krosean bikain aritu dira gure atletak
Aloña Mendi Gipuzkoako txapeldun, kadete mailan

Asteburu honetan Gipuzkoako kros txapelketak ospatu dira Eibarren. Atzo goizean lehiatu ziren kategoria guztietako probak eta Aloña Mendiko korrikalariak emaitza oso esanguratsuak lortu zituzten kategoria guztietan. Adierazgarriena, kadete mailan taldeka lorturiko urrezko domina.

 

Azken egunetan botatako euri jasek uste baino kalte gutxiago egin zioten Eibarko zirkuituari. Orokorrean nahiko egoera onean topatu zuten belardia korrikalariek eta bihurgune pare bat lokatz dexenterekin eta irristakor zeuden arren, zoruaren egoera ez zen aitzakia izan lasterketa eta atletismo festa eder batetaz gozatzeko. Gaztetxoenetatik hasi eta beterano mailararteko probak lehiatu ziren eta guztietan, Aloña Mendiko korrikalariek lorturiko emaitzak oso esanguratsuak izan ziren.

 

Denboraldi hasiera izanik, klubeko arduradunak nahiko harrituta daude. Izan ere, oraindik sasoi puntua ez da egokiena eta ez zen espero denboraldia horren ondo hasiko zutenik. Helburu potoloak hurbiltzen direnerako pizgarri izango dira sasoi hasierako emaitza hauek.

 

Kadete mailan, txapeldun

Kadete mailako korrikalariek lan bikaina egin zuten. Emakumezkoetan Eider Kortabarriak 11. postua lortu zuen. Gizonezkoetan berriz, Aloñako korrikalariak erregularrenak izan zirenez, Gipuzkoako txapelketa irabaztea lortu zuten. Emaitzetan hauetxek izan ziren gure korrikalarien postuak: Iker Martinez (7.), Gaizka Peña (9.), Arkaitz Fragua (11.), Beñat Guridi (16.), Jon Seño (18.) eta Eritz Campo (20.). 

 

Junior mailan Sara Gomez korrikalariak podiuma oso gertu izan zuen. Aurreko lasterkariekin ibili zen baina azkenean, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gizonezkoetan, Dayber Losada izan zen gureen artean azkarrena, helmuga zazpigarren postuan gurutzatuz.

 

Mikel Ugarte hirugarren, promesetan

Promesa mailan, Mikel Ugartek sekulako lana egin zuen. Ugarte hasiberria da atletismoaren modalitate honetan eta zailtasun guztiak gainditu ondoren, podiumera igotzea lortu zuen. Azkenean hirugarren postuan iritsi baitzen helmugara.

 

Seniorretan zilarra eta beteranoetan brontzea

Senior mailako atletek ere lan txukuna egin zuten. Taldeko bi erreferente nagusien hutsunea gaindituz -Yeray Varela eta Sergio Garciak ez zuten lasterketan parte hartu- taldeka Gipuzkoako azpitxapelketa lortu zuen Aloña Mendik. Aritz Ruiz (7.), Unai Hernandez (10.), Tasio Gómez (11.) eta Mikel Ugarte (17.) izan ziren puntuazioa lortu zuten taldeko ordezkariak.

 

Beterano mailan ere Aloña Mendi podiumeko hirugarren eskailerara igo ziren, brontzezko domina eskuratuz. Asier Aranburu (7.), Juan Seño (10.), Ramón Varela (12.) eta Iñaki Gómez (19.) postuan helmugaratu ziren. Emaitza adierazgarria izan da, hauek ere denboraldia hasi baino ez baitute egin. 

Kadete mailan txapeldun izan zen Aloña Mendi. Argazkia: Aloña Mendi.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.