Aloña Mendiko Espeleologia (AMET) taldearen eskutik, ezohiko ekintza egin da asteburuan Gezaltzako Koban. Euskal Herritik eta kanpotik etorritako 80 sorosle inguruk, erreskate simulakro bikoitza egin baitute herriko koba ezagunean. Eteoko eraikin zaharrean egokitu zuten kontrol gunea eta bertatik, Gesaltzako kobazuloarekin komunikazioa landu zuten. Helburua bi puntu hauetatik koordinatutako erreskate simulakroa osatzea izan zen.
Euskal Espeologoen Elkarteak antolatutako simulakroa izan da asteburukoa eta Aloña Mendiko Espeleologia taldea izan da ekintzaren da laguntzaile eta koordinatzaile nagusia. Herriko espeleologia taldeak lokalen prestaketa, kobako putzuen instalakuntza eta ibilbideak balizatzearen ardura izan zuten besteak beste.
Urtean behin antolatzen dituzte horrelako simulakroak Euskal Herriko koba ezberdinetan, eta bigarren urtez jarraian, Oñatiko Gesaltzako koban egin dute simulakroa. Erreskatera etorri ziren partehartzaileak alor ezberdinetako profesionalak izan ziren: Espeleologoak, Gurutze Gorriako mendiko ordezkariak, suhiltzaileak...Euskal Herriko puntu ezberdinetako lagunak biltzeaz gain, Valentziako, Asturiasko eta Kataluniako profesionalak ere izan dira asteburuan Oñatin.
Erreskate simulakroaren praktika larunbat goizean hasi zen. Eteo eraikin zaharrean jarriko zuten kontrol gunea eta bertan elkartu ziren sorosle guztiak. Puntu horretatik kontrolatu zen simulakro guztia aparatu ezberdinak erabili zirelarik: talkie-ak, tedrak eta koba barruko telefono linearekin. Horrela, Eteo bertatik koba barruraino komunikazioa egongo zen momentu oro, aginduak bidali ahal izateko.
Bi ibilbide prestatu zituzten kobazuloan barrena eta ibilbide bakoitzetik zauritu bat atera behar izan zuten. Simulaziorako beste behin Gesaltza aukeratu izananaren arrazoia, koba «zabal» eta «segurua» delako izan da.