Txirrindularitza

Txirrindularitza
2014-09-08 16:27:14
Oñati eta Lierniako probetan bostgarrena izan da
Denboraldia sasoiko agurtu du, Julen Umerez txirrindulariak

Aloña Mendiko harrobiko txirrindulariek asteburuan esan diote agur, aurtengo errepideko denboraldiari. Larunbatean, 56. Mikel Deuna saria jokatu zen Oñatin eta igandean Liernian, errepideko eta erlojupeko bat izan zituzten. Hiru proba hauek mendiko kriteriuma osatu zuten eta nabarmentzekoa izan da hiruretan, Julen Umerez oñatiarrak lortu dituen bostgarren postuak.

 

Larunbat goizean junior eta bigarren urteko kadete mailetako 56. Mikel Deuna Saria ospatu zen Oñatin. 88 kilometroko proban, aurreneko 30 kilometroak lauak izan ziren (Bergarara joan etorria), baina hortik aurrerakoak, guztiz bestelakoak izan ziren. Maldan gora eta behera ibili ziren eta, Goierri aldean txirrindulariak.

 

Ormaiztegitik gora, Atagoitirako bidean hautsi zen tropela. Contreras, Cabanel eta Errazkinek 20 segundu inguruko abantaila hartu zuten eta tropela erabat hautsita heldu zen Oñatira. Atzekoek ezin izan zuten abantaila hori murriztu eta garaipena azken zuzengunean erabaki zen.

 

Sprintean lehen postua, Bazpi taldeko Xauban Errazkin txirrindulariarentzat izan zen. Denbora berean sartu ziren Xabier Contreras (Limousin) eta Thomas Cabanel (Castelsarrasin) ziklistak. Oñatiarren artean, Julen Umerezek lasterketa polita osatu zuen. Bostgarren postuan iritsi zen helmugara, garailearengandik minutu eta erdi eskasera. Kadete mailako Xabier Murgiondo 26. postuan iritsi zen gazte mailako bere debutean. Sailkapen ofizialak [hemen].

 

Igandean zita bikoitza Liernian

Oñatiko proba osatuz, atzo 55 kilometroko errepideko proba eta 4 kilometroko erlojupeko bat lehiatu behar izan zituzten gazte mailako txirrindulariek. Bi proba hauek, larunbatekoarekin batera, Mendiko kriteriuma osatu zuten. Oñatin bezalaxe, Julen Umerezek larunbatean eginiko lan ona berretsi, eta bostgarren izatea lortu zuen bi lasterketetan. Xabier Murgiondok ere, lan txukuna egin zuen bi probetan. Erlojupekoan 23. eta errepidekoan 27.  postuan amaitu zuen. Erlojupeko sailkapen ofiziala [hemen]. Errepidekoa [hemen].

 

Denboraldi ona, Umerezek

Asteburuko hitzordu bikoitzaren ostean, atsedena hartuko dute Aloña Mendi-Ulma taldeko harrobiko txirrindulariek. "Oraindik bizpahiru proba falta dira egutegian, baina atsedena hartu nahi dugu, neguan ziklokrosari indartsu ekiteko" adierazi digute ziklistek.

 

Denboraldiko balantze bat eginez, Julen Umerezek urtean zehar erakutsitako erregulartasuna aipatu beharra dago. Lehen urteko txirrindularia izanik, aurrerantzean, zeresan handia eman dezakela erakutsi baitu. Hainbat lasterketetan lehen hamar sailkatuetan egon da eta ranking orokorrean, denboraldiko 11. txirrindularirik onena izan da (4. onena lehen urteko juniorren artean). "Ondo egon naizenean, maila polita eman ahal izan dut, baina aurten uste baino arazo gehiago izan ditut erorketa eta bestelako kontuekin". Hala ere, egindakoarekin "gustora" gelditu dela aitortu zuen pasaden ostegunean, Oñati Irratian eginiko elkarrizketa batean.

Julen Umerez, Oñatiko helmuga zeharkatzen. Argazkia: www.gtxe.org

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.