Pilota

Pilota
2014-05-02 10:59:16
Leibar-Zumalde bikotea menperatu zuten lehia eder batean
Biain-Uriarte txapeldun, Olabartako II. pilota txapelketan

Atzo eguerdian jokatu zen Olabartako jaixetako pilota txapelketako finala. Zumalde-Leibar bikoteak, Biain-Uriarte bikotearen aurka jokatu zuen. Lehen bi jokuetan berdinketa egon ostean, azken jokuan erabaki zen finala, Biain-Uriarte Aloña Mendiko pilotarien alde. Hasieran hotz hasi baziren ere, azkenean garaipena bikote faboritoak eraman zuen.

 

Herri mailako polita txapelketa dotorea ikusi ahal izan da azken egunotan Olabartako frontoi berezian. Aurten bigarren urtez, Olabartako jaixen barruan pilota txapelketa antolatu baitu jaietako komisioak. Eta ikusitakoaren arabera, geroz eta arrakasta gehiago hartzen ari den ekimena izan daitekeela agerian utzi du jokatu berri den edizioak. Larunbat eta igandean jokatu ziren kanporaketa guztiak eta atzo eguerdian, meza osterako, utzi zuten final nagusia.

 

Guztira 28 pelotarik (14 bikote) parte hartu dute eta iazkoarekin alderatuz, asko hazi da parte-hartzaile kopurua. Datu horiekin "harrituta eta era berean oso pozik" daudela adierazi zigun antolakuntza taldeko kide batek. Parte-hartzean arrakasta nagusi izan bada, ikusleen artean ere ez da gutxiagorako izan. Bereziki igandean eta atzoko finalean jende dexente inguratu baita pilota partiduak ikustera. "Normalean, auzoko jendea hurbiltzen da txapelketara, baina ikusten da Aloña Mendi, harrobian lan oso ona egiten ari dela eta horri esker edo, gaztetxo ugari etorri dira partiduetara".

 

Ezaugarri berezien txapelketa

Olabartako frontoiaren ezaugarriak oso bereziak dira. Frontoi oso estua eta motza da. Eta hori gutxi balitz, zoru irregularra, teilatua baxua, eserlekuak, elizako atea...ere gehitu behar zaizkio xarma handia duen instalazio honi. Horrek bizitasun berezia ematen dio txapelketari eta askotan kalterako diren oztopo horiek, beste askotan aldeko elementu ere, bueltatzen dira.

 

Hori horrela, txapelketaren joku sistema ere oso berezia da. Tantuak nahiko azkar egiten direnez, Olabartako txapelketa 12 tantutako bi joku irabaztera lehiatu da. Bikoteek bi joku irabazi behar izan dituzte kanporaketak gainditu ahal izateko. Batzuetan arazo gabe eta beste batzuetan, hirugarren joku bat behar izan dituzte bikote batzuek beraien partiduak aurrera atera ahal izateko.

 

Final bikaina

Igande arratsaldean bertan ezagutu ziren lau finalisten izenak. Txapelketa oso ona egin ostean, Zumalde-Leibar eta Biain-Uriarte bikoteek izan zuten finala jokatzeko ohorea. Atzokoa baina berezia zela garbi antzeman zitekeen. Frontoi atzekaldean ikusmin handia zegoen eta pelotariak ere, beste kanporaketetan ez bezala, txuriz jantzita jokatu zuten final handia.

 

Lehen jokuan Zumalde-Leibar bikotea hobea izan zen eta 12-8ko emaitzarekin eskuratu zuten aurreneko puntua. Hortik aurrera ordea, Biain-Uriarte Aloña Mendiko bikoteak, pixkanaka-pixkanaka euren kalitate eta esperientziari esker, nagusitzen joan ziren. Bigarren jokua 12-10 irabazi zuten eta hirugarren eta azkena, 12-7. 

 

Emozioa eta tentsioa nagusi izan ziren azken jokurarte. Hala ere, partida amaieran galtzaile zein irabazleek, irrifarre batekin eman zioten elkarri bostekoa. Final eder bat eskaini zutenaren jakitun ziren lau pilotariak. Zaleek ere gogotik eskertu zuten finalisten lana eta txalo zaparrada batekin agurtu zituzten guztiak partida amaieran.

 

Lehia amaitu eta sariak jaso ondoren, OK Magazineak lau pilotariekin hitz egiteko aukera izan zuen. Lehenik, galtzaileekin eta ondoren txapeldunen hitzak ere jaso genituen. Hemen dituzue protagonisten adierazpenak:

 

 

Lau finalistak sariekin partida amaieran.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.