Txantxiku Arkulariak taldeak antolatuta, arku-tiro txapelketa egingo dute igandean Zozopasen. Gipuzkoako ligako bigarren jardunaldiko hitzordua, goizeko 10:00etan hasiko da.
Gipuzkoako 3D ligako bigarren jardunaldia jokatuko da igandean Oñatin. Open ligarako bigarren proba puntuagarria Txantxiku Arkulariak taldeak antolatuta iritsiko da gurera eta txapelketan izena ematen duten arkulariek, 24 jaurtiketa-guneko ibilbidean barrena erakutsi beharko dute euren trebezia. Zirkuitu osoa osatuta, puntuazio hoberena lortzen duenak irabaziko du.
Senior mailako parte hartzaileez gain, eskolarte mailako kide bat ere jardungo da asteburuko hitzorduan. 14 talde ezberdinetako 55 lehiakide izango dira guztira. Igandean antolakuntza lanak egin beharko dituzte Txantxiku Arkulariak taldekoek, baina horrek ez du esan nahi, lehiaketan ez denik herritarrik izango. Taldeko 8 kidek hartuko dute parte eta, Gipuzkoako ligako bigarren jardunaldi honetan.