Pilota

Pilota
2018-03-15 09:26:45
EMAKUME MASTER CUP-EKO FINALERDIAK JOKATUKO DIRA IGANDEAN OÑATIN
Zubikoatik Astelenara

Binakako Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dira igandean, Zubikoako pilotalekuan. 11:30etan hasita, promozio eta lehen mailako bina partidu ikusi ahal izango dira eta garaileek, Astelenako finalerako txartel prestigiotsuak eskuratuko dituzte.

 

Momentu erabakiorrean sartu da aurtengo binakako Emakume Master Cup txapelketa. Sailkapen faseak eta aurreneko kanporaketak jokatuta, finalerako txartelak, igandean erabakiko baitira Oñatin. Zubikoako pilotalekuak goi mailako hitzordu bat hartuko du asteburuan eta horren harira «era honetako aukera gutxi ditugula» nabarmenduz, pilotalekura hurbiltzeko dei berezia egin zuen Borja Moiua zinegotziak, asteleheneko prentsaurrekoan.

 

Sarrera doanekoa izango da eta 11:30etan hasita, lau partida ikusi ahal izango dira. Lehena eta azkena promozio kategoriakoak, eta bigarrena eta hirugarrena lehen mailakoak. Alaitz Badiola-Oihana Orbegozo / Maddi Unanue-Naroa Agirre partiduak zabalduko du jaialdia. Ondoren, Amaia Araiztegi-Maddi Mendizabal / Patri Espinar-Eneritz Arrieta pilotarien txanda izango da. Hirugarren neurketan, Miren Larrarte eta Maider Mendizabalek, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz iazko txapeldunen aurka jokatuko dute. Eta laugarren eta azken partidan, Amaia Vicario-Ainhoa Urien / Nagore Aramendi-Oihana Unanue ikusi ahal izango ditugu.

 

Zubikoa betetzeko erronka

12:00etatik aurrera jaialdia Euskal Telebitan ikusteko aukera egongo bada ere, antolatzaile zein Aloña Mendiko ordezkariek, Zubikoara hurbiltzeko deia egin zuten astelehenean. «Ikusgarria da emakume hauek pilotan ikustea. Inor gutxietsi gabe, lehen mailakoek egiten duten jokua itzela da» zioen Josu Osak. Iker Amarika antolatzailea ere, ildo beretik mintzatu zen: «Iaz banakako jardunaldia ekarri genuen Oñatira eta oso gustora gelditu ginen. Oñatin zaletasun handia dago eta Aloñan, lan handia egiten ari dira emakumeekin. Polita litzateke frontoia betzea».

 

Solasaldia Oñati Irratian

Igandeko hitzorduko protagonista guztiak, Oñati Irratiko kirolen txokoan izan ziren atzo eguerdian. Iker Amarika (antolatzailea), Josu Osa (Aloña Mendi) eta Leire Etxaniz (iazko irabazlea) izan ziren elkarrizketatuak. Txapelketaren gaineko xehetasunak emateaz gain, Aloña Mendi, emakumeekin egiten ari den lanaz ere hitz egin zuten.

 

Asteleheneko prentsa agerraldian alkateak eta kirol zinegotziak esan zituztenekin osatu zuten irratsaioa. Ondorengo podcastean entzun dezakezue:

 

Pilotariak, antolatzaileak eta udal ordezkariak, asteleheneko prentsaurrekoan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.