Besteak

Besteak
2018-02-16 11:20:37
URREZKO AIZKORAKO FINALERDIAK JOKATUKO DIRA IGANDEAN
Finalak jokoan, Oñatiko saio erabakiorrean

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerako txartelak, Oñatiko saioan erabakiko dira, bosgarrenez. 2014az geroztik, apostu sendoa egin dute antolatzaileek, tradizio handiko txapelketa honen azken kanporaketa gurera ekartzeko. Hori horrela, gizonezkoen ohiko saioaz gain, emakumezkoena ere, ikusi ahal izango da aurrenekoz.

 

Mutrikuko Ugaitz Mugertza II eta Zizurkileko Joseba Otaegi alde batetik, eta Jon Rekondo leitzarra, eta Arriaran-eko Iñaki Azurmendik, bilatuko dute igandean, finalerako azken txartela. Biak ala biak, euren multzoetako bigarrenak izan dira eta marxtoaren 4an Azpieitian jokatuko den finalean egoteko ilusioz jardungo dira Oñatiko finalerdian.

 

Emakumezkoak ere bai

Gizonezkoen ohiko saioaz gain, aurten aurrenekoz, emakumezkoen Banakako Txapelketa ere antolatu dute. Hori horrela, Zeanuriko Irati Astondoa, Iturengo Maika Ariztegi eta Berako Nerea Sorondoren artekoaz gozatzeko aukera izango dute txantxikuarrek. Finalean dira dagoeneko hiru aizkolariak eta Oñatikoa, ligaxkako azken jardunaldia izango da beraientzat. Aurrez aipaturiko hiru aizkolariei, Irune Izkue elgoibartarra batuko zaie Azpeitiko final nagusian.

 

Modalitate ezberdinak gainditu beharko dituzte aizkolariek: zutik, kolpeka, txanda librean...eta guztiak batuta azkarren ibili direnek lortuko dute Azpeitian egoteko azken txartela.

 

"Guzta" Harrijasotzailea

Aizkolarien lana osatzeko, Urrezko Harrijasotze Txapelketako saioa ere ikusi ahal izango da igandean Oñatin. Urrestillako Xabier Aranburu "Guzta", 175 kiloko harri errektangularra eta 150eko kubikoarekin osatuko du bere saioa.

 

Bi minutuko txandatan, 1.450 kilo jasotzeko ahalegina egingo du. Lortuz gero, hirugarren sailkatua den Goenatxo III gaindituko luke sailkapenean, finalerako txartela lortuz. Kasu honetan, beste bi sailkatuak Aimar galarraga eta Imanol Illarramendi "Kortaberri" dira.

 

Laguntza handia

Oñatiko Herri Kirol Taldearen ekimenez, baina batez ere, Udalaren eta herriko enpresa ezberdinen laguntzarei esker etorriko da bosgarrenez, Urrezko Aizkora txapelketako finalerdia Oñatira. Angel Villarrek guztien ahalegina eskertu nahi izan zuen asteazkenean Oñati Irratian: «Enpresa ugariren laguntza jaso dugu eta Udalak eskaini dizkigun erraztasunak ere aipagarriak dira» zioen.

 

«Ikuskizun ederra» dela aipatuz, zaleei plazara (edo Zubikoara txarra egiten badu) hurbiltzeko gonbita egin nahi izan zien asteazkenean Villarrek. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Aizkolariak, iazko Oñatiko saioan. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.