Txirrindularitza

Txirrindularitza
2017-09-07 16:11:36
LARUNBATEAN MIKEL DEUNAREN LIX. SARIA JOKATUKO DA
Asteburuan amaituko da Aloñako gazte mailako ziklisten denboraldia

Txirrindularitzak protagonismo berezia hartuko du datozen bi asteburuetan Oñatin. Larunbatean, gazte mailako Mikel Deunaren LIX. Saria jokatuko da eta hilaren 16an, afizionatu mailako XXX. Oñati Proba. Denboraldia amaitzear dauden Julen Otero eta Gaizka Maiztegi txirrindulariek, asteburuko probaren gainean hitz egin zuten atzo, Oñati Irratian.

 

Asteburuan amaituko da Aloñako gazte mailako ziklisten denboraldia. Hamar hilabete pasatxoren ostean, igandean zintzilikatuko dute bizikleta txirrindulariek. Azken bi lasterketak baina, oso bereziak izango dira. Bereziki larunbatekoa. Etxekoen aurrean, eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzten errepideetan aritzeko aukera izango baitute. Larunbatean Mikel Deunaren LIX. saria, eta igandeko Lierniako zita bikoitzak, osatuko dute Udazkeneko kriteriuma.

 

Oñatiko proba larunbat goizean, 10:00etan, hasiko da. Unibertsitate hiribidean abiatu eta amaituko da eta lehen kilometroetan Bergarara joan-etorria egin ondoren, Udanako gaina zeharkatu, eta Goierriko portuetan murgilduko dira txirrindulariak: «Oñatikoa oso lasterketa gogorra izaten da» onartu zuten atzo Julen Otero eta Gaizka Maiztegi txirrindulariek. «Goierri aldean gora-behera asko daude eta Santipillauko azken maldak ere min egin dezake» zioten.

 

Azken kilometroetan aldaketa

Iazko ekitaldiarekin alderatuz, aldaketa bakarra azken kilometroetan egongo da. Santipillauko malda igarota, hilerritik saihesbidera irtengo dira eta segituan, Ibarrako aldagela zaharren albotik sartu eta Enpresagintza fakultatearen ondotik hartuko dute helmugarako bidea. «Santipillauko gainean tartea hartzen duenak, asko dauka irabazita. Arboledako zatia kenduta, azken kilometroa dexente azkarragoa izango da» onartu zuten.

 

81 kilometroko ibilbidea osatuta, eguardiko 12ak aldera iritsiko da garailea helmugara. Aloñak, zazpi ziklista izango ditu irteera puntuan eta gehienen helburua «lasterketa on bat egitea» bada ere, Oterok aurreko postuetan ibili nahiko luke: «Sasoi puntu onean nago eta borroka horretan sartu nahiko nuke». Oñatikoa amaitu ostean, Liernian errepideko eta erlojupekoarekin amaituko dute aurtengo denboraldia txantxikuarrek.

 

Hemen, atzo eguerdian, bi txirrindulari oñatiarrekin egindako elkarrizketa guztia entzungai:

 

Otero eta Maiztegi, Oñati Irratiko estudio nagusian.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.