Mendia

Mendia
2017-07-17 15:05:33
1,5 KILOMETROREN FALTAN HARRAPATU ZUTEN ETA AZKENEAN 3. AMAITU ZUEN
Garaipenetik gertu ibili da Axier Alonso, El Molièreseko maratoian

Podium berri bat lortu du asteburuan Axier Alonso mendi lasterkariak. Vielhako (Lleida) El Molières izeneko maratoian parte hartu zuen larunbatean, eta probako une gehienean lehen postuan joan bazen ere, azken kilometroetan hutsik gelditu, eta sari potolorik gabe itzuli zen etxera. Zoritxarrez, helmugarako kilometro eta erdiren faltan harrapatu baitzuten eta azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

 

Zapore gazi-gozoarekin itzuli da Oñatira Axier Alonso mendi lasterkaria. Asteburuan, Pirinioetan lehiatu da El Molières izeneko maratoian eta hasiera batean, lorturiko hirugarren postua oso ona bada ere, garaipena hain gertu ikusi izanak, aho-zapore garratza utzi dio.

 

Ia 400 korrikalarik eman zuten izena, Vielhan (Lleida) hasi eta amaitzen zen lasterketan. 40 kilometro eta 4.000 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten. Goi mendietako proba honek, 2.000 metrotik gorako bost tontor aurkezten zituen eta lehiakideek, gogotik sufritu behar izan zuten helmugara iristeko.

 

Azkenaldian sasoi puntu bikainean dabil Alonso eta larunbatean, berriz ere onenen pare ibili zen. Hasierako helburua aurrean ibiltzea zen eta kilometroak pilatu ahala, garaipenaren lehian jarri zen. Proba erdia osatu orduko, hartu zuen lasterketa burua Alonsok eta azken tontorrean, helmugarako 8 kilometroren faltan, 5:30 aldea zeukan bigarren eta hirugarren sailkatuarekiko.

 

Amaieran hustuta

Azken jeitsiera baina, erabakiorra izan zen. Alonso, hustuta iritsi zen eta asko sufritu zuen Vielhara iristeko. Hori horrela, helmugarako kilometro eta erdi falta zela harrapatu zuten eta hortik aurrera, iristearekin nahikoa lan izan zuen oñatiarrak. «Azken bost kilometroetan hustuta gelditu nintzen eta ezin izan nion lehen postuari eutsi» onartu digu.

 

Azkenean, garaipena Nil Bacardit-ek (6:25:21) lortu zuen. Josep Cuadrat (6:25:59) izan zen bigarrena eta Alonso, ia hiru minutuko atzerapenarekin (6:28:08) iritsi zen helmugara, hirugarren postuan.

 

Azken igoeran onena

Lasterketako garaipenik gabe, baina podiuma zapaltzearen sariaz gain, beste errekonozimendu bat ere eraman zuen Alonsok. Izan ere, azken tontorreko igoera kronometratuan eta azkarrena izan baitzen oñatiarra.

Alonso, lehen bi sailkatuekin helmugan. Argazkiak: Trail Molières.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.