Txirrindularitza

Txirrindularitza
2017-07-12 17:08:08
EMAKUME GAZTEENAREN SARIA JASO ZUEN QUEBRANTAHUESOS PROBAN
Ainhoa Murillo, bizikleta pasio

Ez da ohikoa, distantzia luzeko bizikleta martxetan, ziklista gazteak ikustea. Era honetako probetan aritzeko, eskarmentua oso garrantzitsua izaten baita. Hala ere, toki guztietan bezala, badira salbuespenak. Ainhoa Murillo (Oñati, 1995) oñatiarraren kasua, esaterako. Ekainaren 17an, Quebrantahuesos proba amaitzea lortu zuen aurrenekoz, eta sari gisa, antolatzaileen aitortza jaso zuen, emakume gazteena izateagatik.

 

Urte gutxi daramatza bizikleta gainean Ainhoa Murillok. Eskubaloia probatu ostean, 2014an hasi zen pedalei eraginez. Ordutik, bere pasio bilakatu da bizikleta, eta azken urteetan, erronka potoloak burutu ditu. Ahalegina, konstantzia eta pasioa dira bere bizitzako hiru oinarriak eta bere egunerokoan aplikatzen dituela jakinarazi zuen pasaden astean, Oñati Irratian.

 

Batxilergo garaian piztu zitzaion bizikletarekiko zaletasuna eta etxean zeukan mendiko bizikleta zahar batekin osatu zituen bere lehen kilometroak. «Errepideko erruberak jarri, eta poliki-poliki hasi nintzen ibilbide geroz eta luzeagoak egiten. Debarako joan-etorria egitera arte» zioen irrifartsu. Garai horietan, beroaldi bat izango zela uste zuten etxean. Baina oker zebiltzan.

 

Psikologia ikasketak amaitu berritan, Donostian emandako urteetan ere, ez du inoiz bizikleta baztertu. Spinning-ean aritzen baitzen. Hori horrela, errepideko bizikleta egoki bat erosi eta azken urteetan, lasterketa ezberdinak egiten ibili da Murillo.

 

Quebrantahuesosen saritua

Duela bi urte Treparriscos (Quebrantaren bertsio motza) egin ostean, Donostia-Baiona-Donostia bezalako probetan lehiatu da azkenaldian. Entrenamenduetan ere, dexente gehiago zaindu dela dio. «Geroz eta gehiago ibili naiz eta saio ia guztiak bakarrik egin ditut. Niretzat terapia bat da bizikletan ibiltzea eta bakarrik oso gustora ibiltzen naiz» zioen.

 

Hori horrela, ekainaren 17ko Quebranta izan zen bere urteko erronka nagusia. «Lo egin gabe joan nintzen gurasoekin. Oso urduri nengoen, baina lasterketa hasi ahalaz bat lasaitu nintzen». Orokorrean, oso sentsazio onak izan zituela onartu arren, azken kilometroak gogorrak egin zitzaizkion. Zortzi ordu eta lau minututan iritsi zen helmugara eta urrezko domina jasotzearekin batera, antolatzaileen aitortza ere jaso zuen Murillok: «Aurreko egunean deitu zidaten saria izango nuela esanez. Baldintza bakarra, helmugara iristea zen eta lortu nuenez, oso pozik nago» zioen.

 

Protagonista Oñati Irratian

Ainhoa Murillok elkarrizketa oso interesgarria eskaini zuen pasaden astean, Oñati Irratian. Sabiñanigo aldean bizi izandako esperientziaz haratago joan baitzen. Gaur egun bere pasio den kirolaz, eta bere egunerokoaz luze eta zabal hitz egin baitzuen. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Ainhoa Murillo, Quebrantahuesos probako helmugan. Argazkia: Sportograf.com

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.