Eskubaloia

Eskubaloia
2017-06-21 15:25:58
BILERA IREKIA EGINGO DU GAUR (19:00) ALOÑAKO BULEGOETAN
Zuzendaritza batzordea indartu nahi du Aloñako eskubaloi sailak

Denboraldia amaituta, datorren ikasturtea prestatzen ari da Aloña Mendiko eskubaloi saila. Kirol arloko egoera ezinhobea bada ere, bulegoetan bada zer hobetu. Jende faltagatik, zuzendaritza batzordea lan-karga handiarekin dabil azkenaldian, eta datorren urtera begira, hau indartzea da une honetako erronka nagusia. Hori horrela, bilera irekia antolatu dute gaur arratsalderako.

 

Aloña Mendiko eskubaloi saileko jokalariak oporretan dira. Duela aste batzuk amaitu zen aurtengo denboraldia eta saila osatzen duten 14 taldeetako 300 jokalariak uda garaiaz gozatzen ari dira. Hala ere, ohikoa den bezala, bulegoko lanek ez dute etenik. Alde horretatik, datorren ikasturtea prestatzen ari dira uneotan batzordekideak. Entrenatzaileak lotu, jokalariekin hitz egin...

 

Azken urteetan kontrako bilakaera izan dute kantxako eta bulegoetako egoerek; jendaurrean eskubaloia osasuntsu ikusi dugun arren, batzordean, eta jende falta dela eta, alde guztietara iristeko zailtasunekin ibili dira. Ekonomia, egutegia, ordutegiak, fitxak, babesleak… lana pilatu egin zaie zuzendaritzan ari diren sei lagunei. Horietako askok, bulegoetan ez ezik, entrenatzaile lanak ere egiten dituzte, gainera.

 

Bilera irekia gaur

Egoera ikusita, eskubaloiko familiak laguntza eske joatea erabaki du. Kirol hau maite eta sailaren alde esku bat botatzeko prest daudenei, dei berezia egin nahi die. Gaur arratsaldean, 19:00etan, bilera irekia egingo baitute Aloña Mendiko egoitza nagusian. Helburua sailaren egoeraz hitz egitea, dauden ardurak ezagutaraztea eta jendearen prestutasuna ezagutzea izango dira.

 

Rafa Zulueta batzordekideak, arratsaldeko deialdiaren berri eman du eguerdian, Oñati Iratiko kirolen txokoan. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Rafa Zulueta zuzendaritzako kideak Oñati Irratian hitz egin berri du.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.