Atletismoa

Atletismoa
2017-06-17 09:13:05
ERRENDIMENDUKO ATLETISMOA UTZI OSTEAN, ZALE BEZALA IKUSIKO DU GAURKO LASTERKETA
Yeray Varela: «Ez da erabaki erraza izan, baina atseden beharra neukan»

Iazko hutsunearen ostean, arratsaldean (19:00) itzuliko da punta-puntako atletismoa Oñatiko kaleetara. Antxintxiketan taldearen eskutik, hamalaugarren ekitaldia beteko du gaur, Herri Lasterketak. Euskal atleta onentsuenak elkartuko dituen hitzorduak, azken urteetako erreferente bat faltan botako du. Aspaldian, herriak eman duen korrikalari onena, ez baita irteera lerroan izango. Errendimenduko atletismoa utzi berritan, erabaki zail horren zergatiak azaldu dizkigu Yeray Varelak.

 

Erdiguneko taberna batean egin dugu hitzordua. Garaiz, eta udako jantzi motxekin, sasoi betean agertu da protagonista. Gezurra dirudi, bost hilabete damaramatzanik, zapatilak jantzi gabe. Garagardo fresko baten bueltan eseri, eta lehen minutuetatik Yeray Varela ezberdin baten aurrean jarri garela ohartu gara. Atsegin, beti bezala, baina beste batzuetan baino lasaiago eta seguruago ikusi dugu. «ez da erraza izan, baina atseden beharra neukan» onartu digu berehalaxe.

 

Oso gazterik hasi zen Varela emaitza onak lortzen eta bizitza erdia, errendimendu mailako atletismoan murgilduta egon da. «Oso kirol gogorra da eta ahalegin asko egin behar izan dut, lortu dudana lortu ahal izateko». 30 urte bete berritan, bizitzari buelta bat emateko ordua iritsi zaiola onartu digu: «Adinean gora noa eta atletismoa nire egunerokoaren zati garrantzitsua izan bada ere, momentu hauetan, beste behar batzuk ditut» onartu digu.

 

2016ko azaroan jantzi zuen azkenekoz dortsal bat eta orduz geroztik, aurrera egiteko ahalegina egin badu ere, buruak gelditzeko eskatu dio. «Orain beste gauza batzuetaz gozatu nahi dut» dio.

 

Gaur, zaletu bezala

Arraroa egingo zaio beraz, gaur arratsaldeko lasterketa Varelari. «Lanak tartetxo bat uzten badit, zaletu bat gehiago izango naiz gaurko lasterketan. Lagun asko izango ditut lehian eta beraiek animatzen saiatuko naiz».

 

Momentuko erabakia irmoa izanik ere, etorkizunera begira ez du ezer baztertu nahi. «Oraidnik gaztea nahiz eta biharko egunean ez dakit zer egingo dudan. Baina mentalki atseden hau oso ondo etorriko zait».

 

Aloña Mendiko korrikalariaren ibilbidea zoragarria izan da. Garaipen eta errekor asko pilatu baititu urte guztiotan. Eta bildutako argazki edo dominak ikusita, oraindik «emozionatu» egiten dela onartu digu. Baita, bere familia eta entrenatzaileak egin duten guztia eskertzerakoan ere.

 

Ez da elkarrizketa erraza izan. Une batzuetan, barruak ere korapilatu zaizkio. Bihotz handiko persona izanik, ondo hausnartutako erabakia izan da, zalantza izpirik gabe. Korrikalari bezala, ausarta izan da beti eta elkarrizketa personal honetan ere, esan beharrekoak esanda, hustuta, eta pozik amaitu duenaren sentsazioa utzi digu.

 

Varelarekin egindako elkarrizketa guztia, ondorengo podcastean entzun dezakezue:

 

Varela, duela bi urteko Herri Lasterketan. Argazkia: Natxo Santos.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.