23 urtez azpiko Gipuzkoako erlojupeko txapeldun berria da Xabi Murgiondo oñatiarra. Ampo taldeko txirrindulariak, sekulako lasterketa burutu zuen asteartean Aizarnazabalen eta bigarrenez, poltsikoratu du Gervais memoriala. Iaz gazte mailan eta aurten, afizionatuetan. Asteko protagonista nagusia, Oñati Irratiko kirolen txokotik pasa zen atzo eguerdian.
Iaz gazte mailan lortutakoa, afizionatu mailan berretsi du Xabi Murgiondok. Inor gutxik espero zuen amateur mailako lehen urtean horrelako garaipen bat lortuko zuenik, baina Aizarnazabaleko proban ikusi zenagatik, irteera hartu zuten hamar ziklisten artean onena izan zen oñatiarra. 27:29 osatu zuen Murgiondok, 21 kilometroko ibilbide konplexua. 23 segundu atera zizkion Oier Ibargureni eta 30 Iñigo Altunari. «Sasoi puntu onean nago eta helburua aurrekoekin burrukatzea zen. Hala ere, garaipena lortzea, sorpresa bat izan da neretzat» onartu zuen atzoko elkarrizketan.
Murgiondoren erlojupeko bikainak, denboraldiko lehen garaipena eman dio Ampo taldeari. 18 urterekin lortu du afizionatu mailako lehena baina horrek, ez du bere egunerokoa aldatuko. «Hankak lurrean izan behar ditut. Aurten beste lan batzuk egitea dagokit eta oraindik ofizioa ikasten ari naiz».
Beroketa on bat egin ostean, lehen pedalkada eman zuenetik izan zituen sentsazio onak Murgiondok. «Hasieratik ikusi nuen ondo nengoela. Erloju gabe irten nintzen eta helburua, hustea izan zen. Barruan neukan dana ematea, alegia. Indartsu hasi nituen lehen kilometroak; baina topera joan gabe. Iraetatik pasa ostean, Zumaiara bidean, haize dexente sartzen zen eta hor egon zen lasterketako gakoa» zioen.
Ehundaka zorion-mezu jaso ditu Murgiondok egunotan. Eta amateur mailako garaipen batek daukan oihartzunaren lekuko izan da. «Dei eta mezu asko jaso ditut. Ezin izan diet denei erantzun» zioen irrifartsu. Hala ere, hunkitu zuen mezua, elkarrizketan bertan jaso zuena izan zen. Markel Irizar Trek taldeko txirrindulari oñatiarrak, berea helarazi baitzion Ampokoari.
Garaipenaren zaporea gozoa izanik, dastatzeko denbora gutxi izango du Murgiondok. Astebete barru, Espainiako txapelketa lehiatu beharko baitu Euskal selekzioaz. Soriakoa izango da beraz, oñatiarraren hurrengo hitzordu nagusia.
Murgiondoren garaipenarekin batera, Gipuzkoako erlojupeko txapelketak, beste albiste pozgarri bat utzi zuen Oñatiko kirolarentzat. Garazi Erostarbek ere, podiuma zapaldu baitzuen emakumezkoen gazte mailako lasterketan.
Kasu honetan, bigarren postua eskuratu zuen Gipuzkoa Ogiberri taldeko ziklistak. Oñatiarra, garaipenetik 10 segundu eskasetara gelditu zen eta Oñati Irratian bertan jakitera eman zuenez, «zapore gazi-gozoa» utzi zion lasterketak. Helburua «garaipena lortzea» baitzen. Hala ere, «pozik» dago egindakoarekin.
Hemen daukazue atzoko elkarrizketa guztia entzungai: