Atletismoa

Atletismoa
2017-06-14 10:20:27
IAZKO ETENAREN OSTEAN, LARUNBATEAN JOKATUKO DA XIV. HERRI LASTERKETA
Goi mailako atletismoa Oñatiko kaleetara itzuliko da

Oñatiko Herri Lasterketa bueltan da. Iazko etenaldiak, hutsune nabarmena utzi zuen Korpus jaietako egitarauan eta hori saiheste aldera, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute goi mailako lasterketa hau berreskuratzeko. Azken ekitaldietan bezala, Euskal atleta onentsuenak elkartuko ditu Antxintxiketanek, larunbatean (19:00) Oñatiko kaleetan barrena.

 

Oñatiko Nazioarteko Herri Lasterketak sekulako ekarpena egin dio azken hamarkada luzean herriari. Korpus jaietako asteburua osatzeaz gain, goi mailako atletismoa gerturatu baitu gure herriko kaleetara. Atzera begiratu bat egitea baino ezer hoberik ez dago, lasterketa honen garrantziaz jabetzeko. 2003 eta 2004 urteetan 5.000 metroko lasterketa izan zenak, 2005ean distantzia bikoiztu eta 2006an iritsi zen lasterketa ikusgarri honen momentu gorena.

 

Zerzenay Tadesse eritrearra munduko errekorraren bila etorri zen eta azkenean, helburua lortu ez bazen ere, Oñatin eskaini zen ikuskizuna ahaztezina izan zen. Orduz geroztik, Peter Kirui, Chema Martinez, Amos Kaptich...edota Ivan Fernandez bezalako izenak ikus daitezke probaren palmaresean.

 

Bizitzako beste alor batzuetan bezala, krisiak asko baldintzatu du lasterketa azken urteetan. Geroz eta diru gutxiago egon baita proba antolatzeko. Hala ere, Antxintxiketanen helburua, ikuskizun lehiakor bat eskaintzea izan da eta azken urteetan, Nazioarte mailako proba izatetik, Euskaldunen arteko lehiara moldatu da. Iaz, babesle nagusi baten azken orduko galera dela eta, ez zen posible izan. Baina aurten gogotsu itzuli dira.

 

Irabazleen artekoa

Atzo goizean egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, «irabazleen arteko» erronka izango da larunbatekoa. «Oñatira etorriko diren korrikalari guztiek irabazi dute lasterketaren bat» zioen Asier Osinagak. Azken orduko nobedaderik ez badago, 19 korrikalari izango dira irteera lerroan eta aurtengo berritasun nagusia, Iparraldetik etorriko diren bi atleten presentzia izango da: Xabier Martinez (Ezpeleta) eta Petriarc Lionel (Baiona).

 

Eurekin batera, Erresuma Batuan bizi den Iraitz Arrospide, Imanol Cruz, Gontzal Bilbao edota Ander Sagarzazu donostiarra ere ikusiko ditugu Oñatin. Etxeko korrikalarien presentzia ere nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek. Hori horrela, Yeray Varela eta Sergio Garciak utzitako hutsunea, Xabier Luisek beteko du larunbatean.

 

Antolatzaileak Oñati Irratian

Lasterketaren astean egonik, Oñati Irratiko asteleheneko kirol tarte nagusia, larunbateko hitzordura begira eginikoa izan zen. Asier Osinaga, Iñaki Pelayo eta Arkaitz Ruiz de Loizaga antolatzaileek, probaren errepaso sakon bat egin zuten. Historiari gainbegiratua, iazko geldialdia, larunbateko azken ordua...

 

Ordubeteko iraupena izan zuen emanaldian, Ander Sagarzazu korrikalaria ere elkarrizketatu zuten. Azken ekitaldian podiumean izan ostean, larunbatean garaipena lehiatzera etorriko dela baieztatu zuen donostiarrak.

 

Hemen daukazue irratsaio guztia entzungai:

 

Antolatzaileak eta Udal ordezkariak, atzo goizeko aurkezpenean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.