Triatloia

Triatloia
2017-04-12 17:43:43
ABSOLUTO MAILAKO PROBA, RABATEN JOKATUKO DA LARUNBATEAN
Afrikako Kopan lehiatuko da asteburuan Mikel Ugarte, Espainiako selekzioarekin

Espainiako absoluto mailako selekzioarekin estreinatuko da asteburuan, Mikel Ugarte oñatiarra. Duela aste batzuk iritsi zitzaion Afrikako Kopan parte hartzeko aukera eta azken erabakian baiezkoa ematerako orduan, zalantzak izan baditu ere, aukera aprobetxatu beharra dagoela iruditu zaio. Goi mailako lasterketa izango da, profesional ugarirekin. Honenbestez, esperientziaz gozatzera eta batez ere, ikastera joango dela onartu berri du Oñati Irratian.

 

Urtebetetze opari bikaina jasoko du larunbatean Mikel Ugarte triatleta oñatiarrak. 24 urte beteko dituen egun berean, goi mailako kirolariekin aritzeko aukera izango baitu Rabaten (Maroko). Espainiako absoluto mailako ordezkarietako bat izango da eta munduko beste herrialdetako ehundaka triatletekin batera, Afrikako Koparako puntuagarria den Rabateko Nazioarteko triatloian parte hartzeko aukera izango du. Sprint distantziako proba izango da. 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika.

 

Ugarte, errendimendu bikaina eskaintzen ari da azken urteetan triatloian baina asteburukoa, beste maila bateko proba izango dela aitortu zuen atzo Oñati Irratian: «Goi mailako kirolariz inguratuta egongo naiz eta baliteke lekuz kanpo aritzea. Baina esperientzia bezala hartu nahi dut» zioen. Egiari zor, Ugarteren mailaz gaineko txapelketa izango da asteburukoa baina deia jaso badu, zerbaitegatik izango da.

 

Rankingean ondo kokatuta

Hautatzaileek Espainiako rankinga begiratzen dute selekzioa egiteko eta interesa azaldu edo preinskripzioa egin duten zerrendako aurreneko lau triatletek soilik izaten dute bertara joateko aukera. Ugarte, hogeigarren postu inguruan dago uneotan eta bere aurretik dauden triatleta batzuk aukerari uko egin ostean, iritsi zaio selekzioko kide izateko aukera: «Garbi daukat nik ez daukadala Espainiako absoluto selekzioan aritzeko maila, baina profesional direnek, uko egin dutenez, nik beteko dut beraien hutsunea» adierazi zuen.

 

Xabi Luis herrikideak lagunduta abiatu dira gaur goizean Maroko aldera. Errepidean jarri aurretik baina, Oñati Irratitik pasa zen atzo Ugarte. Deiaren nondik norakoak, eta txapelketan izango dituen helburuetaz hitz egin zuen Saltoki taldeko triatletak.

 

Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:

 

 

+ Rabateko triatloiko informazioa.

 

Mikel Ugarte Oñatin, Marokora abiatu aurretik.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.