Futbola

Futbola
2017-03-27 15:27:05
2-1 IRABAZI ZUEN ATZO ALOÑAK AZKOAGAINEN
Garaipen baltsamikoa

Urrezko garaipena lortu zuen atzo arratsaldean Ohorezko Erregionalak Azkoagainen. Ordu laurdena iritsi aurretik, Ordiziarrak dagoeneko aurretik ziren markagailuan. Baina zorionez, Markinezek hurrengo jokaldian berdindu zuen neurketa. Ordutik aurrera, Aloña gehiago izan zen eta garaipenaren gola, 85. minutuan egin zuen buruz Unai Gilek. Hiru puntu hauei esker, oraindik, jaitsiera postuetan badago ere, postu bat gora egin du taldeak sailkapenean.

 

Garaipen baltsamikoa lortu zuen atzo Aloñak Ordiziaren aurka. Hiru hilabete zeramatzan Urzelairen taldeak hiru puntuak lortu gabe baina zorionez, amaitu da dinamika negatiboa. Eta eskerrak joera hautsi den. Jardunaldian eman diren emaitzak, kaxkarrak izan baitira Aloña Mendirentzat. Ostadarrek izan ezik, Hondarribia, Vasconia eta Elgoibarrek irabazi egin dute eta sailkapenean postu bat gora egin bada ere, jaitsiera saihesteko postuak, oraindik, lau puntutara jarraitzen dute.

 

Ordiziaren aurkako lehiari dagokionez, ondo landutako garaipena lortu zuen atzo Aloña Mendik. Beste behin partida aldapa gora hasi zen oñatiarrentzat. Hamabigarren minutua iritsi orduko, aurreratu baitziren kanpotarrak markagailuan. Jokaldi isolatu batean iritsi zen partidako lehen gola. Mikel Aginagaldek ez zuen baloia urruntzen asmatu, eta Hidalgok, ondo aprobetxatu zuen akatsa, 0-1ekoa eginez.

 

Zorionez baina, ordiziarren pozak ez zuen luzaroan iraun. Hurrengo jokaldian, Iñigo Markinezek, berdinketaren gola egin baitzuen Pagola atezainak blokatzerik izan ez zuen baloi bat sareetara bultzatuta. Hortik aurrera, zelai erdiko jokua nagusitu zen eta arauzko lehen 45. minutuak, berdinketarekin amaitu ziren.

 

Aloña gehiago bigarrenean

Atsedenaldiaren ostean, garbi gelditu zen Aloñak, Ordiziak baino behar gehiago zeukala sailkapenean. Berdegunean pixkanaka-pixkanaka nagusitzen joan ziren Urzelairenak. Intentsitatea, gol-aukerak, tentsioa...guztiek zeramaten Aloñaren zigilua. Hori horrela, 80. minutuan, marrazainak balio gabe utzi zuen Joseba Irizarren gola, bere ustez, jokoz kanpo baitzegoen Aloñako kapitaina.

 

Oñatiarrek ez zuten amore eman eta garaipenaren gola 85. minutuan iritsi zen. Unai Gilek, buruz, erremate bikaina egin zuen eta behar-beharrezko, hiru puntu eman zizikion Aloñari. Garaipen honi esker, maila mantentzeko itxaropena areagotu egin da txantxikuarren artean. Sailkapenean postu bat gora egitearekin batera, aurretik dagoen Hondarribia etorriko baita igandean Azkoagainera. Bi taldeen artean lau puntuko aldea baino ez dago eta beste behin, final kutsua izango du asteburuko neurketak Aloña Mendirentzat.

 

Lazkanoren berragerpena eta Palaciosen lesioa

Garaipenak utzi zuen zapore bikainaz gain, beste bi albiste utzi zituen atzoko partiduak. Bata ona, eta bestea txarra. Txaponaren alde positiboa, Gorka Lazkanoren berragerpena izan zen. Atzelariak hamasei hilabete eman ditu futbol zelaietatik kanpo. 2015eko azaroan belauneko lesio larria jasan zuenetik, une zailak bizi izan ditu. Zorionez baina, hamaikakoan, partida guztia jokatuz eta garaipenarekin batera itzuli da berdeguneetara Lazkano.

 

Atzoko albiste negatiboa berriz, Julen Palaciosen lesioa izan zen. Lehen zatiko 30. minutuan, Aloñaren erasoko jokaldi batean, aurrelariak kolpe gogorra hartu zuen Ordiziako atezainaren aurka eta hainbat minutuz lurrean etzanda izan ostean, masailezurra hautsita utzi zuen berdegunea.

 

Donostiako ospitalean igaro du gaua Palaciosek eta okerrik ezean gaur bertan egingo diote ebakuntza aurrelari oñatiarrari. Ez dauka zorterik Julenek lesioekin. Enegarren aldiz, harmailetatik jarraitu beharko baitu aurrerantzean, bere taldearen liga amaiera erabakiorra. Hori gutxienekoa da momentu gogor hauetan. Ebakuntzatik ahalik eta hoberen errekuperatzea izango da eta, bere helburu bakarra. Animo Julen!

Garrantzia handiko puntuak eskuratu zituen atzo Aloñak.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.