Futbola

Futbola
2017-03-23 16:29:39
PARTIDU GEHIENAK IRABAZI BEHARKO DIREN ARREN, EZ DUTE ITXAROPENA GALDU NAHI
Mikel Aginagalde: «Egoera zailean gaude, baina salbazioa gure eskuetan dago oraindik»

Ohorezko Erregional mailako taldea azken hamarkadetako egoera konplexuenean dago. Liga amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan, salbazio postuak lau puntutara dituzte Gotzon Urzelairen mutilek. Ez da erraza izango. Baina matematikoki posible den bitartean, taldeak gogor borrokatuko duela onartu zuen atzo, Mikel Aginagalde atezainak.

 

Bost garaipen, zazpi berdinketa eta hamalau porrot. Momentuz, jaitsierara kondenatzen duten zenbakiak dira Ohorezko Erregionalak aurkezten dituenak. Hala ere, matematikek kontrakoa esan arte, ez dute amore eman nahi oñatiarrek. Oraindik 24 puntu gelditzen dira jokuan eta partidu asko aurkari zuzenen aurka izango direla kontutan hartuta, Urzelairenek ez dute itxaropena galdu nahi.

 

Horixe da hain zuzen ere, Mikel Aginagalde atezainak, atzo Oñati Irratian utzi nahi izan zuen mezua. «Egoera zailean gaude, baina salbazioa gure eskuetan dago oraindik» zioen. Aginagaldek zortzi urte daramatza lehen taldean eta aurtengoa, inoizko egoera gogorrena dela onartu zuen. «Buelta asko ematen dizkiot sailkapenari eta egia esan, arlo pertsonalean ere eragiten du honek».

 

Igandean Ordizia

Orain arteko denboraldiaren errepasoa egitearekin batera, taldea kontuak egiten hasi dela ere adierazi zuen atzo atezainak: «Ez dugu ukatuko. Partiduz partidu joan nahi dugu, baina salbazioa lortzeko behar ditugun puntuen kalkuluak egiten hasi gara dagoeneko».

 

Partidu gehienak irabazi beharko dituzte Urzelairenek eta Aste Santua iritsi bitartean gelditzen diren hiru neurketek -bi etxean- etorkizuna markatuta utzi dezaketela esan zuen Aginagaldek. Igandean sailkapenaren erdian dagoen Ordizia etorriko da Azkoagainera. Eta ondoren, Hondarribia, Ostadar, Martutene, Hernani, Vasconia, Mutriku eta Zarautz izango dira aurkariak. Zortzi partidu; zortzi final. Bizitza dagoen bitartean, itxaropena ez da inoiz galdu behar.

 

Mikel Aginagaldek Oñati Irratian atzo eskaini zuen elkarrizketa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Mikel Aginagalde aste honetako lan saio batean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.