Duatloia

Duatloia
2017-03-13 14:41:49
OÑATIAR ONENAK XABIER LUIS ETA MIREN JOSUNE BIKUÑA IZAN ZIREN
Beñat Arnaiz eta Helene Alberdi garaile, euriak baldintzatutako duatloian

Pronostiko guztiak bete ziren atzo, Oñatiko 26. Duatloian. Beñat Arnaiz eta Helene Alberdik ez zuten hutsik egin; ezta, euriak ere. Egunak utzi zituen protagonista nagusiak izan ziren, zalantza izpirik gabe. Aurreneko biek, jokuan jarri ziren sari guztiak bereganatu zituztelako, eta hirugarrenaren kasuan, lasterketa erabat baldintzatu zuelako.

 

Duatloi gogorra izan zen atzokoa. Distantzia motzeko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa izanik, Euskal zirkuituan dauden oilar gehienak aurrez-aurre jarri ziren irteera puntuan. Emakumezkoetan, korrikako azken sektorean erabaki zen lasterketa, eta gizonezkoen kasuan, bizikletan hautsi zuen proba sasoi puntu bikainean ikusi genuen Beñat Arnaizek.

 

10:30etan puntuan eman zitzaion irteera emakumezkoen lasterketari. 14 duatleta irteera lerroan eta lehen kilometroak osatu orduko hasi zen nabarmentzen Helene Alberdi. Korrikako sektorea osatuta, 35 segunduko abantaila hartu zuen Lourdes Oiartzabalekiko. Bizikletako lehen itzulian tartea eutsi bazuen ere, bigarrena oso gogorra egin zitzaion. Euriari, haizeari, eta batez ere, atzetik zetorren bikoteari aurre egitea tokatu baitzitzaion. Oiartzabal eta Lopezek, elkarlan bikaina egin zuen bizikletako azken kilometroetan eta eguneko bigarren trantsiziora iristerako, metro gutxitara ikusten zuten lasterketa burua.

 

Hala ere, lehen korrikako sektorean gertatu bezala, Alberdik korrikako saioetan ez zuen aurkaririk izan. Hori horrela, atzekoak aldendu, eta minutu batetik gorako tarteaz iritsi zen helmugara bakar-bakarrik. Alberdik 2:11:46 osatu zuen ibilbidea. Lourdes Oiartzabal izan zen bigarrena (2:13:19) eta podiuma, Amaia Lópezek (2:13:59) osatu zuen.

 

Arnaiz indartsuena

Gizonezkoen arteko lehia ere ederra izan zen. Arnaiz, Kaanache, Fuentes, Plagaro, Regillaga..edozein izan zitekeen garaile. Hala ere, Arnaizek eguneko atleta indartsuena izango zela garbi utzi zuen hasieratik. Erritmo bizian egin zituen lehen korrikako hamar kilomteroak eta uneoro gidatu zuen lasterketa. Hala ere, hiruzpalau atletako taldetxoa osatu zen buruan, bizikletako sektorea hasterako.

 

Arnaizek inork baino hobeto ezagutzen zuen ibilbidea -astean bertan ibili zen- eta Arregiko maldatik beherantzko aldapa arriskutsu eta bustian hartu zuen gerora erabakiorra izango zen abantaila. Bakarrik joanda ere, Kaanache eta Fuentesekiko zeukan abantaila handitu egin zuen bizikletan eta bigarren trantsiziora iritsi orduko, poltsikoan zeukan garaipena aretxabaletarrak. Minutu bateko aldeaz hasi baitzuen azken sektorea Arnaizek. Amaierako bost kilometroetan, tartea kudeatu, eta garaipenaz gozatu baino ez zuen egin. 1:52:01an osatu zuen ibilbidea aretxabaletarrak. Kaanache zirkuituko liderra izan zen bigarren (1:53:04) eta Gonzalo Fuentesek (1:53:47) osatu zuen gizonezkoen podiuma.

 

Bi garaileak gipuzkoarrak izanik, probako txapela, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketako garaikur nagusiak ere eraman zituzten Alberdi eta Arnaizek merezimendu osoz.

 

Luis eta Bikuña herritar azkarrenak

Gure ordezkarien artean Xabier Luis eta Miren Josune Bikuña izan ziren onenak. Biek ala biek, meritu handiko zazpigarren postua eskuratu zuten. Luisen kasuan gainera, podiuma nahiko gertu izan zuela esan daiteke. Azken trantsiziora hirugarren posturako lehian zeuden taldetxoan iritsi baitzen plazara. Bikuñaren kasuan, Euskadiko azpitxapeldunaren saria eraman zuen beteranoen bigarren mailan.

 

Aipatzekoa era berean, Beñat Ormaetxea Aloña Mendiko duatleta gazteak egindako lana. Junior mailan lasterketako gizonik indartsuena izan baitzen, probako, Gipuzkoako eta Euskadiko garaikur nagusiak eskuratuz.

 

+ Sailkapen guztiak [hemen].

Arnaiz eta Alberdi, helmugan garaipena ospatzen. Argazkiak: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.