Futbola

Futbola
2017-02-21 18:35:22
JULEN BARRENA ETA ENDIKA RUIZ FUTBOL SAILEKO KOORDINATZAILE BERRIAK
Bi kapitain, Aloñaren etorkizuna gidatzeko

Lau denboraldi igaro dira Aitor Oruetak Aloña Mendi utzi zuenetik. Oñatin egin zituen azken urteetan, sekulako lana egin zuen kirol koordinatzaile gisa. Aloñaren betiko baloreak berreskuratu eta kluba %100ean oñatiarrez osatzea lortu zuen, besteak beste. Azken urteetan baina, Oruetak utzitako postua jaberik gabe egon da. Sailaren hazkuntza ikusirik, postu hori berriz ere bete beharra zegoela erabaki du zuzendaritza sailak. Aukeratuak, Julen Barrena eta Endika Ruiz izan dira. Euren lana gertutik ezagutzeko parada izan zuten atzo Oñati Irratiko kirol tarte nagusian.

 

Denborak esango du aukeraketa ona izan den edo ez, baina hasiera batean behintzat, perfil egokia duten bi pertsona ari dira uneotan, futbol saileko kirol koordinatzaile lanetan. Julen Barrena eta Endika Ruizen ibilbideak, esanguratsuak izan dira eta jokalari bezela egin zutena, orain, sailaren koordinazioan burutu nahi dute. Biak ala biak, erreferente eta kapitain izan ziren duela gutxira arte eta gaur egun, futboleko familiako kirol gidaritza hartu dute. «Duela bi denboraldi hasi ziren lehen hartu-emanak, baina arrazoi bategatik, edo bestegatik, iazko udabarrira arte ez zen gauzatu» onartu zuen atzo Barrenak.

 

Berriak izanik, «ilusioz gainezka» daudela adierazi zuten eta poliki-poliki lan metodologia berezi bat txertatu nahi dutela ere gaineratu zuen Ruizek: «Aloñak beti izan ditu ezaugarri berezi batzuk eta gure asmoa horiek indartu, eta ditugun ahulguneak indartzea izango litzateke». Horretarako jokalari, hezitzaile eta entrenatzaileen egunerokoa ondo zaindu beharra dagoela gaineratu zuen. «Hau familia handi bat da eta denok gustora egotea ezinbestekoa da saila ondo joan dadin. Jokalariak, entrenatzaileak, gurasoak...».

 

Jokamoldea zehaztu nahian

Talde bakoitzak dituen jokalarien araberako jokoa egingo badu ere, koordinatzaileak plangintza berezi bat lantzen ari dira. Datorren denboralditik aurrera, Aloñak, jokamolde eta identitate berezi bat izatea nahiko lukete eskolarte mailatik hasi eta gorengo mailara arte. «Badakigu ez dela erraza izango, baina balore eta estilo bat lantzea gustatuko litzaiguke. Gero estilo horiek talde eta egoera bakoitzera egokitu beharko dira, baina neska-mutikoek, ideiak garbi badituzte, guztiontzat askoz errezagoa izango da» zioten.

 

Emakumezkoak eta talde nagusia

Atzo arratsaldeko irratsaioak askorako eman zuen. Koordinatzaileen eguneroko lana barrutik ezagutzeaz gain, dituzten kezkak ere azaldu baitzituzten Barrena eta Ruizek. Kezka nagusietako bat, emakumezkoen egoera da. Aurten herriko 6-7 jokalarik Legazpira joan behar izan dute talde baten bila eta gai hori gertutik jarraituko dutela esan zuten: «Hasiera hasieratik jarraitu genuen gaia da eta dudarik gabe kezkatzen gaitu. Gure asmoa, emakumezkoen taldeak harrobitik sendotu eta posible den heinean, talde nagusi bat ateratzea izango da».

 

Era berean, Ohorezko Erregionalaren egoera kezkagarriaz ere hitz egin zen atzoko solasaldian. Mikel Palacios taldeko kapitainetako batek adierazi zuenez, «taldea arduratuta dago» baina oraindik egoerari buelta emateko gai direla uste du. Horretarako baina, etxeko partiduak irabaztea ezinbestekoa izango da Palaciosentzat: «12 partidu gelditzen dira eta zazpi Azkoagainen izango dira. Hor dago salbazioa» zioen.

 

Ordubetez luzatu zen tertulian, entrenatzaileen formakuntzaren garrantziaz, baloreak lantzeaz, klubarekiko miresmenaz...eta interes handiko beste hainbat kontuetaz aritu ziren koordinatzaileak. Irratsaio osoa, ondorengo podcastean entzun dezakezue:

 

 

Endika Ruiz eta Julen Barrena futboleko koordinatzaileak Azkoagainen.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.