Eskubaloia

Eskubaloia
2017-02-19 16:16:41
27-20 EMAITZAZ NAGUSITU ZIREN BIZKAITARRAK
Euskal Ligako lidertza galdu du Aloñak Basaurin

Izarraitz Muñoz Aloña Mendik ezin izan dio Euskal Ligako lidertzari eutsi asteburuan. Aitor Aranbururenek, bigarren sailkatua zen Basauriren aurka jokatu zuten atzo arratsaldean eta lehen zati on bat burutu ostean, bigarrenean ihes egin zion partiduak talde oñatiarrari. Bizkaitarren maila fisikoa eta errotazioa, erabakiorrak izan ziren. Azkenean, 27-20 emaitzarekin amaitu zen partidua etxekoen alde.

 

Euskal Ligako bigarren eta lehen sailkatuaren arteko neurketa interesgarria hartu zuen atzo Basauriko Artunduagako polikiroldegiak. Sailkapenean bi puntuko aldea zuten oñatiarrek eta gertatzen zena gertatuta ere, partiduak liga amaiera asko markatuko zuela ondo baino hobeto zekiten bi taldetako ordezkariek.

 

Hori horrela, oso indartsu kantxaratu ziren txantxikuarrak. 0-4 jarri ziren aurretik baina minutuek aurrera egin ahala, etxekoak beraien jokua egiten hasi, eta indarrak asko parekatu ziren. Defentsa gogorra eta buruz burukoan joku fisikoa eginez, atsedenaldira berdinduta iritsi baitzen partidua (9-9).

 

Gainbehera bigarrenean

Atsedenaldi osteko lehen hamar minutuetan berdintasuna nagusi izan bazen ere, azken 20 minutuak oso luzeak egin zitzaizkion Aloñari. Bizkaitarren maila fisikoak, eta batez ere errotazio luzeak, partidua erabakita utzi baitzuen. Indarrez justu zeudela, defentsako intentsitatean behera egin zuen talde oñatiarrak eta etxekoek ez zuten barkatu.

 

Bigarren zatiko 19. minutura arte, markagailuan atzetik edo berdinduta joan ziren Basauriarrak. Baina irakurketa globala eginez gero, atzokoan behintzat, Aloña baino hobea izan zen. Azkenenean, 27-20 nagusitu ziren eta bi puntuak irabazita, Aloña berdindu du sailkapenean. Aldeko golen averagea hobea daukanez gainera, Basauri da orain, Euskal Ligako lider berria.

 

Zazpi partidu liga amaierarako

Atzoko porrota ahaztu eta denboraldi zoragarri honi ahalik eta amaiera onena ematen saiatuko dira orain txantxikuarrak. Liga amaitzeko zazpi partidu gelditzen dira eta liderrak igoera faserako txartela zuzenean lortuko badu ere, bigarren lekutik bosgarrenera sailkatzen direnek, fasean sartzeko kanporaketa jokatzeko aukera izango dute. Asko dago oraindik jokuan beraz Aloña Mendirentzat.

 

Eskertza mezua

Partidua eta lidertza galdu arren, Aloña Mendiko jokalariak ez dute erraz ahaztuko atzoko norgehiagoka. Neurketak sekulako ikusmira piztu zuen eta zaltuz beteriko bi autobus joan ziren Oñatitik Basaurira. Alde horretatik, Aloña Mendiko eskubaloi sailak, talde guztiaren izenean, eskertza mezua zabaldu nahi izan die atzo Artunduagara hurbildu ziren guztiei.

 

Oñatiarrek ezin izan dute lidertza eutsi asteburuan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.