Txirrindularitza

Txirrindularitza
2017-02-17 13:06:25
HIRUGARRENA IZAN DA ASTEBURUAN, LAUDIOKO MASTER 50 LASTERKETAN
Joseba Letamendi: «Gozatzen ari naiz lasterketetan»

Master mailako txirrindularitza probetan berria da Joseba Letamendi oñatiarra. Bi urte baino ez daramatza errepidean lehiatzen baina dagoeneko, lortu du garaikur bat. Asteburuan, Laudion, hirugarren ziklista azkarrena izan baitzen 50 urtekoen kategorian. Podium horretaz, eta bere eguneroko diziplinatuaz mintzatu berri da astean, Oñati Irratiko kirolen txokoan.

 

Oñatiarra bada ere, Donostian bizi da aspaldian Joseba Letamendi. Kirol zale amorratua izan da beti eta modalitate ezberdinak probatu ostean, bizikleta gainean ari da azken urteotan. «Belauneko lesio batek ez dit uzten besterik egiten. Futbola gustoko nuen, eskia ere bai, korrika egitea...baina medikuek bizikletan ibiltzeko gomendioa egin didate» zioen. Aspaldidanik praktikatzen duen kirola da ziklismoa. Baina lagunekin, eta gozatzeko erabiltzen zuen soilik bizikleta txantxikuarrak. Hala ere, azkenaldian master mailako lasterketak lehiatzen ari da eta asteazkenean onartu zuenez, «gozatzen» ari da lasterketetan.

 

Gozatu ahal izateko baina, lana gogor egiten ari da Letamendi. «Lasterketetan sekulako maila dago. 150-200 ziklistako probak izaten dira eta pentsa, pasaden asteburuan esaterako, 40 km/h bataz bestekoa atera genuen. Proba hauetan atzean gelditzen zaren momentuan, erretiratu egiten zaituzte» onartu zuen.

 

Diziplina handiko egunerokoa

Donostian bizi bada ere, Oñatin egiten du lana Letamendik. «Errelebotan egiten dut lana eta egia esan, eguna oso motza egiten zait entrenatu, lana egin eta familiarekin egoteko». Astean bost saio inguru egiten ditu eta egunerokoa oso ondo eramatea beharrezkoa egiten zaio. «Asko zaindu beharra dago denean. Ondo ibili nahi baduzu entrenatu egin behar da. Eta horretaz gain, atsedena ondo hartzea ere ezinbestekoa da» dio.

 

Hala ere, Letamendik garbi utzi nahi izan zuen bizikletarekin, eta batez ere lasterketekin, ez duela itsutu nahi. «Probak amaitu eta ez erortzearekin konformatzen naiz. Ez gara bizikletatik bizi eta kirol hau disfrutatzeko egiten dut» gaineratu zuen.

 

Hainbat oñatiar lasterketetan

Asteazkeneko elkarrizketan jakinarazi zuenez, Letamendi ez da master mailako proba hauetan lehiatzen den herritar bakarra. «Ni hasiberria naiz. Oñatin badaude beste hiruzpalau ziklista urte dexente daramatzatena mundu honetan» jakinarazi zuen.

 

Laudion bizi izandakoa, eta orokorrean, master mailako ziklismo lasterketen munduaz hitz egin zuen asteazkenean Letamendik Oñati Irratian. Hemen daukazue entzungai:

 

Joseba Letamendi lasterketa batean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.