Mendia

Mendia
2017-01-18 11:25:41
OÑATIKO MENDI MARTXA, ALOÑAKO EGUTEGIAN SARTU DA AURTEN
Lagun artean, mendiaz gozatzera

Igandean estreinatu zuen denboraldia Aloña Mendiko mendi sailak. Euri dexente egin arren, 20 bat lagun elkartu ziren Aretxabaleta inguruetan egin zuten ibilaldira eta ohiturei jarraituz, urteko lehen hitzordua izanik, Apotzagan talde bazkaria eginez borobildu zuten eguna. Denboraldi honetarako izango dituzten irteeren berri eman zuten astelehenean, mendi saileko arduradunek, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian. Aparteko nobedaderik gabe, lagun artean, mendiaz gozatzeko helburua dutela jakinarazi zuten.

 

12 mendi irteera, bost ikastaro, argazki lehiaketa eta Mendi Hamabostaldia. Horixe da, hain zuzen ere, Aloña Mendiko mendi sailaren urteko egitarau oparoa. Abuztuan izan ezik, gainontzeko hile guztietan antolatu ohi dituzte mendi irteerak eta helburua «lagunartean, mendiaz eta inguruan ditugun paraje ederretaz gozatzea» dela aitortu zuten Juan Mari Ibarrondo eta Mikel Otero saileko zuzendaritzako kideek.

 

Igandean egin zuten lehen irteera eta giroa kaxkarra izan bazen ere, egun polita igaro zuten Aretxabaleta inguruetan. «Neguan garbi daukagu irteerak asko baldintzatzen direla eguraldi txarra dagoenetan. Hala ere, euriaz, hotzaz, edo elurraz, mendiak ederra izaten jarraitzen du». Hori horrela, irteera guztiak neurri seguruekin egiten dituztela gaineratu nahi izan zuten antolatzaileek. «Ibilbideak aurrez ondo aztertzen dira eta guztietan daukagu bigarren aukera bat, giroak horrela baldintzazen duenerako. GPS-an eramaten ditugu bi aukerak eta honenbestez, gaur egun, oso modu seguruan ibili daiteke mendian» gaineratu zuten.

 

Oñatiko Mendi Martxa egutegian

Irteera gehienak Euskal Herrian egiten dira. Horiei neguko eski trabesia eta uztaileko Piriniotarako irteera gehitzen zaielarik. Programa iazkoaren segida bada ere, aurten berritasun nagusi bat izango du. «Irailean egin ohi den Oñatiko Mendi martxa gure egutegian egongo da» esan zuten. Azken bi ekitaldietako arrakasta ikusirik, Aloñako eta Mendi Martxako antolatzaileak harremanetan jarri ziren eta aurten indarrak elkartzea erabaki dute. Irailaren 17an izango da aipatu hitzordua.

 

Bestelakoan, mendi irteera guztiak hileko hirugarren igandean egiten dituzte eta sailaren beste helburuetako bat, jende gaztea erakartzea izango da aurtengo denboraldian: «Azken urtean gazte batzuk etorri badira ere, 50 urte inguruko mendizaleak gara gehienak eta polita litzateke aurrerantzean, irteerak jendetsuagoak eta anitzagoak izatea». Alde horretatik, irteera gehienak «nahiko eramangarriak» direla azpimarratu nahi izan zuten.

 

871 federatu

Juan Mari Ibarrondok jakinarazi zuenez, gaur egun 871 federatu ditu Aloña Mendik. Eta oraindik azken fitxak tramitzatzen ari omen dira gainera. «Zenbaki oso polita da eta esan daiteke herritarren 10etik ia bat, gurean federatuta daukagula. Garbi dago zaletasun asko dagoela» zioen.

 

Urteko plangitza eta egutegiaren azalpena egiteaz gain, bestelako kontu interesgarrietaz ere mintzatu ziren Ibarrondo eta Otero. Besteak beste, federatuta egotea edota formakuntza jasotzearen garrantziaz ere aritu baitziren ordubetez luzatu zen irratsaioan.

 

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Abenduko mendi irteerako irudia. Argazkia: Mendi saila.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.