Abenduaren 26tik 31ra bitartean benjamin, alebin eta infantil mailetako pilotarien Gabonetako Kopa jokatu da. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio, Bergara, Antzuola eta Oñatiko pilota eskoletako gaztetxoen txapelketako finalak, abenduaren 31an jokatu ziren Eskoriatzan eta Oñatiko pilotariek emaitza esanguratsuak lortu zituzten.
Debagoieneko herrietako pilotari gazteak Gabon Kopa jokatzen aritu dira urteko azken egunotan. Partida eta kanporaketa ugari jokatu ostean, urteko azken egunean jokatu ziren final guztiak Eskoriatzako pilotalekuan eta Aloña Mendiko ordezkariek, lan txukuna egin zuten.
Benjamin B mailan, Aldekoa-Arabaolaza oñatiarrak azpitxapeldun izan ziren. Finalean Arrasatearrak 16-11 nagusitu baitziren. Benjamin A mailan berriz, Oses-Osak txapel nagusia eskuratu zuten finalean Aretxabaletako bikotea 16-4 mendean hartuz. Alebin mailan ere oñatiarrak garaile izan ziren bi mailetan. B kategorian Juaristi eta Madinagoitiak 16-4 garaitu zuten Aretxabaletako bikotea, eta A mailan, Bermejo eta Altzelaik 16-5 menperatu zuten Antzuolako bikotea. Infantiletan azkenik, A kategorian, Oñatiko Garitano eta Galdosek 12-18 galdu zuten Aramaioko bikotearen aurka.
Infantil B mailan ez ezik, jokatu ziren beste bost finaletan izan genuen Oñatiko ordezkaritza. Hiru garaipen eta bi azpitxapelketa eskuratuz, oso txapelketa ona jokatu dute Sergio Uriarterenek.
Bestalde, Gabon jaietan Urretxun jokatu zen eskuz binakako beste txapelketa batean ere, Oñatiko pilotariak oso maila onean aritu dira. Alebin mailako pilotarien artean, Joseba Bermejo eta Oier Altzelai bikotea azpitxapeldun izan baitzen. Zorionak!