Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-12-16 17:12:54
IGANDE GOIZEAN, URRUTXUN, OÑATIKO VII. ZIKLO-KROSA
Ziklo-krosa, urrezko ezteiei agur esateko

 

Aloña Mendiko txirrindularitzako lagunek ez dute erraz ahaztuko amaitzear dagoen 2016a. Sailak 50 urte bete ditu eta ohiko lasterketez gain, bestelako hitzordu ugari antolatu dira urteurren borobil honen bueltan. Urrezko ezteiak borobiltzeko gainera, ziklistek azken urteetako emaitzarik esanguratsuenak lortu dituzte errepidean. Egutegiko azken hitzordua, igandeko Ziklo-Krosa, beste ekitaldi guztien mailakoa izatea espero da.

 

Igande goizean Oñatiko Ziklo-Krosaren VII. ekitaldia ospatuko da eta azken bi urteetan bezalaxe, Urrutxuko auzoan (hilerri ondoan) atondu dute zirkuitua Aloña Mendiko lagunek. Izen ematea azken egunerarte zehaztuko ez den arren, antolakuntzak jakinarazi duenez aurtengoan, zazpi herritar izango dira etxeko lasteketan.

 

Lokatz gutxiko zirkuitua izango da. Euri faltaren eraginez, gure inguruetako zelai eta soroak nahiko lehor daude eta horrek beste era bateko ziklo-krosa ekarriko du gurera. Bestelakoan, «berritasun handirik gabeko» edizioa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek astean zehar.

 

Masterrak izango dira lehiatzen lehenak (09:15). Ondoren kadeteak (10:00) eta azkenik, Junior eta Open mailetako lasterketak egingo dira. Igandean Urrutxuko zelaian ikusiko ditugun oñatiarren zerrenda ondorengoa izango da: Ander Blazquez, Aritz Torres eta Unai Cueva kadeteetan, Ander Gartzia eta Garazi Erostarbe gazte mailan, Ekaitz Txintxurreta 23 urtez azpikoetan, eta Andoni Gartzia master 50 kategorian.

 

Ziklo-krosaren pisua Oñatiko ziklismoaren historian

Oñatiko ziklismoaren historian, ziklo-krosak pisu handia izan du historikoki. Horren harira, Jerardo Elortza historialariak Azaroan Kontzejupetik aldizkarian idatzi zuen artikulu bat berreskuratuko nahi dugu. Honela zioen Elortzak "Oñatiko bizikleta karrerarik famauena" idatzian:

 

Aloña-Mendi kirol alkarteko txirrindularitza-saillak bere 50. urteurrena ospaketako liburu bat aurkeztuta izango dau, lantxo hau kaleratu orduko. Egixa esateko, gorabehera batzuekin, tradiziño luzia eta aberatsa euki dau Oñatik bizikleta munduari dagokixonian. Ixa ehun urtekua: 1920 eta 1930eko hamarkadetan antxiñako Aloña-Mendi, Oñate-Sport eta C. D. Oñate izeneko kirol alkartiak jardun euen, hurrenez hurren, karrerista-taldiak eta lasterketak aurrera ataraten gure herrixan, eta emaitza oso onakin, gaiñera. Ahalegin hareik gerra ostian be jarraittu euen Txantxiku Txoko alkartiaren ardurapeian urte askuan. Eta oraingo Aloña-Mendi izan da azkenengo gizaldi-erdi honetan arlo horri eutsi xauena.

 

Zenbat txirrindulari, antolatzaille eta afizionadu txantxikuarrek parte hartu ete dau bizikletiaren inguruan Oñatin eta enparauetan izandako ekintza eta ikuskizun deportibuetan! Ezta gure asmua gaur eta hemen horreik aittaketia, horretarako orrialde ugari biharko lirakeelako. Baiña bi fotografixa honein bittartez omenalditxo apala eskiñi gura dostegu luzaruan gure artian afiziño horren sugarra ixututa mantenidu dauen herrittar guztiai.

 

Zortzi-beratzi urteko umiak giñan artian, baiña oso ondo gogoraketan dittugu 1953ko martixaren 8xan eta aurreko egunetan Oñatin bizi izan gittuan esperientzia ahazteziñak: urte haretan hemen ikusi geben munduko ziklo-kros txapelketara hamar herrialdetako korredoriak eta teknikoak, dozenaka periodista eta aginttari eta millaka karrerazale eta kurioso etorri ziran trenez, autobusez, kotxe txikiz edo bizikletaz. Ehundaka oñatiarrek hartu eben parte kirol gertaera famau haretan: pertsona helduak aurreko hillabetetako prestakuntzetan, eta gazte pillia, neska nahiz mutil, egun bereko antolamendu-lanetan; eta jakiña, baitta herriko tabernari, ostalari eta transportistak be. Franco eta bere ingurukuak pozik geratu ziran, gerra ezkero halakorik etzalako ezagutu diktadurapeian.

 

Frantsesak izan ziran jaun eta jabe sailkapenian: Roger Rondeaux txapeldun, Gilbert Bauvin bigarren eta André Dufraisse hirugarren; Joaquim Filbá katalanak bosgarren puestua eskuratu eben eta Julian Agirrezabal durangarrak zazpigarrena. Ibilbidiak ixa bost kilometro terdiko zirkuituari lau buelta emuten otsan; gogorra zan, aldapa eta gorabehera askorekin. Horreittako bat zan argazki honeittan agiri dana, Kale Zaharraren akaberako Kurtzekotik zelaixan gora Torrealderaiño igoten ebena. Argazki batian Pierre Jodet frantsesa eta Julian Agirrezabal bizkaitarra samur ezaguketan dira. Helmugan be alkarrekin sartu ziran. Dana dala, garai triste eta zail hareik izateko, a zelako jentetzaia etorri xakun Oñatira! Ba zan, nunbaitt, zerbaitten premiñia.


1953ko munduko ziklo-kros txapelketa Oñatin. Argazkiak: Joxe Luis Plazaola.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.