Saskibaloia

Saskibaloia
2016-12-05 14:10:51
DENBORALDIKO BIGARREN GARAIPENA LORTU DU ALOÑAK
Hazten jarraitzeko garaipena

Aloñako saskibaloi talde nagusiak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen larunbatean Zubikoan. Oñatiarrek, 67-54 hartu zuten menpean Cosecha 1986 talde gasteiztarra eta garaipen honi esker, azken hilabetean zeramaten dinamika negatiboa hautsi dute.

 

Talde bezala hazten jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Aloña Mendik. Talde gaztea eta eraberritua izanik, kategoriari neurria hartu ezinik zebiltzaten Aitor Ugarterenak. Jokaturiko zortzi partidetan garaipen bat eta zazpi porroteko balantzeaz, sailkapeneko atzealdean murgilduta iritsi zen asteburuko jardunaldia txantxikuarrentzat. Urriaren azken asteburuan Padurari etxean irabazi ziotenetik (73-70), jokaturiko partida guztiak galduta baitziren txantxikuarrak.

 

Cosecha 1986 talde arabarra, Aloña baino bi garaipen gehiagorekin etorri zen larunbatean Oñatira baina etxekoek, merezimendu osoz eraman zituzten Zubikoako kantxa gainean jokuan jarri ziren bi puntuak.

 

Lehia parekatua

Lehia, orokorrean, oso parekatua izan zen. Lehen minutuetan bi taldeen defentsak erasoak baino orekatuagoak izan ziren. Hori horrela, bigarren laurdena hastearekin batera hasi zen partida aldatzen. Barruko jokuan oinarrituz, beste jokalariek abantaila politak lortzen zituzten eta poliki-poliki oñatiarrak partidako lehen tartea zabaldu zuten markagailuan. 37-28 iritsi zen partidua atsedenaldira.

 

Bigarren zatian gasteiztarrak partida orekatzeko asmoz kantxaratu ziren eta barneraketa ugari egin zituzten. Hala ere, Ugarterenek laguntza onak eginez, arabarren saiakera horiek ezerezean utzi zituzten. Urrutiko jaurtiketak egitea besterik ez zitzaien gelditu gasteiztarrei eta zorionez, portzentaia oso baxuetan mugitu zirenez, ez zuten aparteko arazorik sortu oñatiarren defentsan.

 

Hirugarren eta laugarren laurdentxoetan partida kontrolpean izan zuten txantxikuarrek. 10-12 puntuko aldeaz mugitu baitzen lehia minuturik garrantzitsuenetan. Azken minutuetan ordea, partida pixka bat berdindu bazen ere, momentu erabakiorretan sartutako bi hiruko eta jaurtiketa libreek erabaki zuten neurketa etxekoen alde. Azkenean, hamaihiru puntuko aldeaz amaitu zen partidua (67-54).

 

Asteburuan atsedena

Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu ostean, asteburuan ez dute jardunaldirik jokatuko oñatiarrek. Uneotan hamaikagarren postuan kokatzen dira sailkapenean 2 garaipen eta zazpi porrotekin. Datorren jardunaldian Hernani liderraren etxean jokatu beharko dute Ugarterenek. Ikasten eta lehiatzen jarraitzeko aukera bikaina izango da.

Pablo Zubia larunbateko partidako une batean. Argazkiak: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.