Futbola

Futbola
2016-11-29 10:27:19
DENBORALDIKO LEHEN GARAIPENA LORTU DU ALOÑAK AZKOAGAINEN
Etxean bezala, inon ez

5-0. Aloña Mendi eta Ostadarren arteko partidako emaitzak esanahi berezia dauka txantxikuarrentzat. Aurtengo denboraldian etxean lortzen den aurreneko garaipena izateaz gain, igandeko hiru puntuek, sailkapenean bi postu igotzeko aukera eskaini baitiote oñatiarrei. Urzelairenek, sei puntu eskuratu dituzte azken bi asteetan eta oraindik bidea luzea bada ere, tunel ilunaren amaieran lehen argi izpiak hasi dira agertzen.

 

Zazpi hilabete pasa dira Aloñako zaletuek etxeko azken garaipena ospatu zutenetik. Iragan denboraldiko apirilaren 24an iritsi zen azkena. Igor Serranoren talde zenak, 1-0 menperatu zuen kategoriako oilarretako bat, Anaitasuna, orduko hartan. Tartean, oporretako hilabeteak pasa badira ere, Oñatiko zaleak garaipen gosez zeuden eta aurreko bost partidetan etsipen handiz amaitu ondoren, igandeko partidak, golei dagokienean behintzat, betekada itzela utzi zuen. Aloña Mendik 5-0 emaitzaz jipoitu zuen Ostadar aurkari zuzena baina markagailuak adierazten duena baino partida konplexuagoa izan zen igandekoa.

 

Erabat kontzentratuta hasi zuten lehia etxekoek eta aipagarria izan zen 3. minuturako jada, etxekoen lehen aukera garbia iritsi izana. Falta baten jaurtiketaren ostean, baloiak langa jo eta Hernandoren atean sartu zen, baina epaileak gola ikusi ez zuenez, ez zen markagailura igo. Hurrengo minutuetan berdintasuna izan zen nagusi, harik eta partidako 36. minutuan denboraldi honetan oñatiarrek Azkoagainen sartu duten lehen gola iritsi zen arte arte. Gaizka Zelaiak zelaiaren ezkerraldetik eraman zuten jokaldia errematatzea lortu zuen, eta 1-0koa iritsi zen markagailura.

 

Bigarren zatia hasi ahalaz bat, Ostadarrek berdinketaren gola lortzeko aukera bikaina izan zuen, baina Mikel Aginagalde atezainak erantzun zoragarria eman zuen, berdinketa saihestuz. Hurrengo jokaldian, 48. minutuan, kontraeraso azkar batean, Aimar Lizarrak partidako bigarren gola lortu zuen eta horrek, min asko egin zien lasartearrei. Hortik aurrera, gol festa itzelaz gozatzeko aukera izan zuten Azkoagainera bertaratutakoek. Mikel Palaciosek (56 min.), Martxel Aiastuik (60 min.) eta Aitor Elorzak (88 min.) borobildu zuten arratsaldea. Urzelairenek, 486 minutu eman dituzte etxean golik egin gabe eta egiari zor, igandeko gol zaparrada ez zuen baikorrenak ere aurreikusiko.

 

Itxaropenerako zenbakiak

Denboraldi hasiera kaxkarra izanik, azken asteetako zenbakiak itxaropentsu zabaldu dute oñatiarren ingurunean. Ligako gol gutxien sartu dituen taldea da Aloña (9 gol), baina azken hamabost egunetan sei gol egin dituzte eta hori gutxi balitz, ez dute bakar bat ere jaso. Defentsa sendotuta, taldeak ez luke golik egiteko arazorik izan beharko, aukerak sortu, dexente sortu dituztelako denboraldian zehar. Zortea eta lasaitasuna falta izan zaie Urzelairen mutilei azken metro horietan.

 

Min hartutako jokalariak errekuperatzen ari direla kontutan izanik, emaitzak lagun diren une honetan, Aloñak bolada honi jarraipena emateko aukera bikaina izango du asteburuan. Txantxikuarrek Martutene kolistari bisita egingo diote hamairugarren jardunaldian eta gauzak ondo eginez gero, jarraikako hirugarrena -eta denboraldiko laugarrena- iritsi liteke asteburuan.

Aloñakoak nagusi izan ziren berdegunean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.