Mendia

Mendia
2016-10-17 16:52:33
HIRU HANDIAK LASTERKETA IRABAZI DU ASTEBURUAN
Gorenean amaitu du denboraldia Iokin Garaik

Gorenean amaitu du denboraldia Iokin Garai mendi lasterkariak. Lehiatu dituen azken bi lasterketak irabazita, beste behin, sekulako denboraldia osatu du. Azken garaipena, larunbatean iritsi zen. Hiru Handiak lasterketa entzutetsuan abiatu ziren 1700 lasterkarien artean, onena izan baitzen oñatiarra.

 

Denboraldiari behar bezalako ginga jarri zion larunbatean Iokin Garai mendi lasterkariak. Ia urtebete entrenatzen eta lehiatzen ibili ostean, fisikoki zein mentalki nekatuta iritsi zen Hiru Handiak lasterketara. Baina irteerako pistola-tiroa entzutearekin batera, ahaztu zitzaizkion arazo guztiak Garairi. Lasterketa irabazteko faboritoen artean egonik, aukera aprobetxatu nahi izan zuen eta indarretik baino, adoretik tira eginez, sekulako lasterketa osatu zuen.

 

Oso azkar hasi zuten lasterketa faborito nagusiek. Eta eguneko lehen tontorra (Gorbea) gainditu eta jaitsi orduko, boskote bat jarri zen lasterketa buruan. Jose Luis Beraza, Mikel Etxeberría, Zigor Iturrieta, Iokin Garai eta Ander Gerrikoetxeberría genituen erreferentzia, 21 kilometroan. Probak aurrera egin ahala baina, Berazak lasterketa utzi eta aurreko taldea murrizten joan zen. Anbotoko gaina pasata, Landako kontrol puntuan (60 kilometroa) hartu zuen lehen abantaila Iokinek. Puntu horretan, lau minutu inguruko aldea zeukan Gerrikoetxeberríarekiko. Hortik aurrera, abantaila handitu eta diferentzia kudeatzearekin nahikoa izan zuen txantxikuarrak Araian kokaturiko helmugara lehen postuan iristeko.

 

11:18:25ean osatu zituen  Garaik Gorbea, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen lasterketako 100 kilometroak eta ia 15 minutu atera zizkion helmugan, bigarren sailkatua izan zen Mikel Etxeberriari (11:33:38). Eguneko sorpresa nagusia, junior mailako Ander Gerrikoetxeberríaren hirugarren postua izan zen (11:34:26).

 

Erreferente Ultretan

Azken denboraldietan egiten ari den lanari esker, Iokin Garai erreferente bilakatzen ari da Ultra lasterketetan. Euskal Herrian ez ezik, gure mugetatik kanpo ere, maila bikaina emateko gai dela erakutsi du eta aurten lortzen ari den emaitzek, baieztapen hau berretsi baino ez dute egiten. Duela 15 egun esaterako, Gredoseko Ultra irabazi zuen. Uztaila amaieran, 13. postua eskuratu zuen Munduko txapelketan eta aurretik, G2H-n bigarren, Runetrailen ere azpitxapeldun, eta Arrasate-Udalatxen hirugarrena izan zen Aloña Mendiko korrikalaria.

 

Garbi dago bere distantzia bilatu duela Garaik. Urtetik urtera aparra bezala, etengabe, goraka dijoa eta bere errendimendua. Mailarik altuenera iritsi al da? Hori da orain galdera nagusia. Orain baina, atsedena hartzea dagokio eta galdera horren erantzuna, datorren denboralditik aurrera izango dugu.

 

Arratsaldean Oñati Irratian

Iokinen garaipena, asteburuko kirol emaitza esanguratsuena izan da Oñatin. Hori horrela, gaur arratsaldean, 19:00 aurrera, Hiru Handietan parte hartu duten lau herritar Oñati Irratiko kirol tarte nagusian (FM 107.4 edo interneten zuzenean hemen) izango dira. Iokin Garai, Iñaki Bikuña, Aitzol Guridi eta Iker Olalde izango dira gonbidatuak.

Iokin Garai, helmugan garaile. Argazkiak: www.carrerasdemontana.com

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.