Futbola

Futbola
2016-10-13 11:40:05
ZALAPARTAK SUPERKOPA IRABAZI ZUEN LARUNBATEAN
Asteburuan hasiko da Herriko Futbol txapelketako denboraldia

Ia sei hilabeteko etenaldiaren ostean, asteburuan hasiko da berriz ere, Herriko Futbol txapelketako denboraldi berria. Azken urteetako joerari jarraituz, inoiz baino talde gutxiago izango dira larunbatean hasiko den ikasturte berrian. Guztira 12 talde arituko dira -iaz baino bat gutxiago- eta guztien helburu nagusia, lagun giroan futbolaz gozatzea izango da.

 

Asteburuan hasi eta apirila bitartean, herriko kuadrila ezberdinen arteko lehia interesgarrietaz gozatu ahal izango da beste urtebetez, Azkoagaineko futbol zelaian. Lau hamarkada inguru dituen txapelketa historikoak, belaunaldi ezberdinetako jokalariak elkartuko ditu astebururo Lezesarri auzoko belardian eta azken urteetako beheranzko joera nabarmena bada ere, urtetik urtera aurrera jarraitzeak, nahikoa meritu duela ukaezina da.

 

Hori horrela, 12 talderekin hasiko da denboraldia. Bundeswehr izan da txapelketa utzi duen talde bakarra eta hutsune hori beteko duen talde berririk ez da agertu aurtengoan. Hamabi taldeko liga izanik, txapelketa sistema iaz bezala, multzo bakarrean oinarrituko da. Talde bakoitzak beste guztien aurka jokatuko beharko duela, alegia. Liga erregularra amaituta, sailkapeneko lehen lau taldeak azken fasera (final aurrekoa eta finala) pasako dira zuzenean eta gainontzeko guztiak, kopako kanporaketak jokatu beharko dituzte.

 

Zalapartaren nagusitasuna

Zalaparta taldeak historia egin zuen iazko denboraldian. Estreineko urtean, San Migel F7 eta Liga txapelketak irabazi zituen eta balentria hori lortu duen historiako talde bakarra izan da orain arte. Hori gutxi balitz, pasaden larunbatean Superkopa nagusitasun osoz irabazi zion Auschwitzi. Iazko liga txapeldunek 6-0 irabazi zioten Auschwitzi.


Partidako lehen 20 minutuetan kosta egin zitzaion lehian sartzea Zalapartari, baina lehen gola sartu orduko, minutu gutxitan erabakita utzi zuten finala. Atsedenaldirako iada, 4-0 ziren aurretik urdin-moreak eta bigarren zatia hasi eta lehen minutuetan, beste bi gol eginda, 6-0 aldeko emaitzarekin eroso jokatu zuten finaleko azken orduerdia.


Faboritoak

Helburua ondo pasatzea bada ere, talde guztiek nahi izaten dute urte amaieran zerbait irabaztea eta alde horretatik, Zalapartak tronutik kentzea izango da gainontzeko taldeen helburua.

 

OK Magazineak talde ezberdinetako ordezkariekin hitz egiteko aukera izan du asteon eta gehienek, Zalaparta ikusten dute aurtengo faborito nagusi. Hala ere, Kalañatasaray edota Albok-en izenak ere kiniela ugaritan agertzen dira. Dena den, zelai gainean erakutsi beharko dute guztiek, beraien maila. Sorpresak ere sarritan ematen baitira.

 

Asteburuko karteldegia

Atzo arratsaldean elkartu zen batzarra eta urte osoko behin-beineko egutegia osatzeaz gain, asteburuan jokatuko den lehen jardunaldiko ordutegiak ere kaleratu zituzten. Hauxe izango da larunbatean jokatuko den lehen jardunaldiko karteldegia:

 

Hangola - Etxaixat (13:00) / Epailea: Azpiazu


• Albok - Shatoken Moüra (14:30) / Epailea: Altube


• Auschwitz - Dollygans (18:30) / Epailea: Sasquatch


• Kili Kolo - Txuskos (20:00) / Epailea: Sasquatch


Arduraduna: Sasquatch

 

Batzordeak jakinarazi duenez datorren asteazkenean egingo duten bileran, talde bakoitzeko ordezkari bana agertu dadila eskatu dute.

Zalapartako kideak Superkoparekin. Argazkia: Anton Sierra.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.