Besteak

Besteak
2016-07-22 09:19:20
BI AUKERAK AZTERTZEN ARI DA UDALA
Zaharra eraberritu edo kanpoan berri bat egin?

Atzo goizean erakutsi zituen Udal Gobernu taldeak, Zubikoako zona hezea egokitzeko eskuartean darabiltzan proiektu ezberdinak. Momentu hauetan bi aukera nagusi daude mahai gainean. Gaur egungo kiroldegiko zati hori eraberritzea, edo igerilekua eta gimnasioa herriko beste puntu batean eraikitzea. Momentuz, ez dago ezer erabakita eta kirol zinegotziak jakinarazi zuenez, aurreproiektua herritarrei zabaldu nahi zaie hauek beraien iritzia eman dezaten. Helburua, legealdi honen amaierarako obra garrantzutsu honen erabakia bideratuta izatea da.

 

2014tik 2015era bitartean burutu zen Oñatiko kirol planak utzi zituen ondorioak, exekutatzen hasia da Udal Gobernu taldea. Kirol Management enpresak egindako txostenean, Zubikoako fasekako eraberritze bat aurreikusten zen. Eta beharren artean, premiazkoena, zona hezea (igerilekua + gimnasioa) birmoldatzea zen. Hori horrela, legealdi berriko azken urte honetan, aurreproiektu honetako aukera ezberdinak lantzen ibili da Udala, Chocarro y Herranz arkitektoekin.

 

Borja Moiua kirol zinegotziak atzo goizean egindako bileran jakinarazi zuenez, arkitektoek hasieran egindako proiektuari, hainbat berrikuntza gehitu nahi izan dizkiete. Hasiera batean, igerilekua bi kale handitzeko proposamenarekin lanean hasi baziren ere, gaur egun eskuartean dituzten aukerak oso bestelakoak dira. Bi ideia nagusirekin lanean ari dira. Gaur egungo instalazioa eraberritzea, edota herriko beste puntu batean eraikitzea.

 

Eraberritzea

Zubikoa kiroldegia dagoen lekuan utzi eta zona hezea eraberritzeak 3,5 milioi € kostua izango luke. Obra honetan hainbat lan aurreikusten dira. Igerileku handiak 5 kale izatetik, 8 izango lituzke eta igerileku txikia berriz, gaur egun sauna dagoen tokiraino handitzea aurreikusten du proiektuak. Sauna eta aldagelak, gaur egun aerobik gela dagoen zonalde horretan kokatuko lirateke eta bulegoen gainean, gela berriak eskainiko dituen beste solairu bat eraikiko zen.

 

Guzti hau osatzeko, gimasioa eta bere inguruneak ere egokituko dira. Squash pista bat kenduz gimnasioa handitu nahi da eta ingurune horretan dauden botikin, aldagela eta bestelako eremuek ere, beste era bateko banaketa izango lukete.

 

Eraberritzea 

Berri bat egitea

Zaharra eraberritzeak izango duen gutxi gorabeherako aurrekontua eskuan izanda, kiroldegiko zona hezea (igerilekua + gimnasioa) herriko beste zonalde batean eraikitzeko aukera ere aztertu nahi izan du Udalak. Kanpoan egiteko nahia baino, eraberritzearekin alderaketa bat egiteko eskatu dute bigarren aukera hau.

 

Igerilekua eta gimnasioa eraikin berri batean egitekotan, bi aukera jaso ditu aurreproiektuak: teilatu erretraktila (zabaldu eta itxi egiten dena) duena igerilekua izango litzateke bat, eta bestea, barruko igerilekuaz gain, kanpoan bi ur potzu (umeentzako jolasteko eremu txiki bat eta igeri egiteko bi kale) dituena. Lehen aukerak 3,5 miloi euroko kostua izango luke eta bigarrenak 4,5 miloikoa.

 

Hala ere, eraikin berri bat egiteko azken aukera honek beste hainbat zalantza planteatzen ditu. Arkitektoek jakinarazi dutenez, 7000 metro karratuko lursaila beharko litzateke hau gauzatu ahal izateko, eta uneotan Udalak ez du tamaina honetako espaziorik. Era berean, kanpoan egiteko aukeraren alde egiten bada, Zubikoan hutsik geldituko zen zonalde horrekin zer egin ere aztertu beharko litzakete. Honenbestez, kanpoan egiten bada azken aurrekontua dexente igoko litzateke. 

 

Berri posible bat

 

Paddle pistak

Aurreproiektuan igerilekua eta gimasioak pisu gehiena hartu badute ere, herritar batzuek egindako eskaera aintzat hartuz, Paddle pistak egiteko aukerak ere aztertu ditu Udalak. Bigarren tenis pistaren atzealdean hiru pista egiteak 600.000€ inguruko kostua izango luke eta gaur egun bigarren tenis pista dagoen lekuan eraikiko balira, 776.000€. Azken aukera honek, tenis pista txikia atzean daukan hutsunera eramango luke eta berria izango denez, pista nagusia bezala estalita egongo litzateke.

 

Bilera irekia

Aukera guzti hauek mahai gainean dituztela, oraindik ere lan asko dago egiteke. Udalak ez du inongo erabakirik hartu eta bide bat edo beste jorratzen hasi aurretik, bilera ireki bat egin nahi du herritarrekin. Helburua, proiektua erakustea da. Bilerak data finkorik ez du oraindik baina atzo jakinarazi zenez, herriko jaien ostean egingo da seguruenera.

 

Azkenik, parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan eta bi aukerak guztion artean ondo aztertu ondoren, erabaki bat hartuko da. Hala ere, prozesua luze joango da eta kirol zinegotziak pazientzia eskatu nahi izan zuen. Posible den heinean, legealdia amaitu aurretik, gai hau bideratuta uztea da Udal Gobernu taldearen erronka nagusienetariko bat.

Igerilekua 8 kaletara handituta, kiroldegiak izango lukeen itxura. Infografiak: Chocarro y Herranz.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.