Besteak

Besteak
2016-07-14 18:23:36
LEGALDIKO LEHEN URTEAREN BALORAZIOA EGIN DU EH BILDUK
Azken txanpan da kiroldegiko eraberritze aurreproiektua

2016-2019 agintaldiren lehen urte politikoa bete berri den honetan, EH Bilduk orain arte egindako lanen balorazioa egin zuen atzo goizean komunikabideei zuzenduriko agerraldian. Atalez-atal gai guztiak landu zituzten eta kirol arloari dagokionean, Zubikoa kiroldegiko eraberritze proiektua izan zen gai zerrendan azpimarratu zuten eguneko puntu nagusia.

 

Agintaldi berrirako aurkeztu zuen plangintza anbiziotsuko egitasmo guztiak aurreikusitako bidean doazela jakinarazi zuen atzo goizean EH Bilduko gobernu taldeak. Aurreko legealdian herritarrekin buruturiko hainbat saiotan "Oñati berri" baterako oinarri estrategikoak marraztu baziren, oraingoan, egindako planak garatzen hasteko unea dela esan zuten. Hori horrela, mugikortasuna, berdintasuna, euskara, kirola...izan zituzten hizpide eta azken atal honi dagokionean, eskuartean dituzten proiektu nagusien momentuko egoeraren berri eman zuten.

 

Duela egun gutxi amaitu den lan bat azpimarratuz hasi zuten urteko balorazioa. Kiroldegi barruko seinaletika eta irudi berritzearena, alegia. Arrasateko Adox komunikazio enpresak egin du karteldegi berriaren diseinua, eta enpresa berak aholkatuta, kiroldegiko logoa ere berritu dute. Udalak 6.000€ bideratu ditu lanotara.

 

Bestalde, Moiua kirol zinegotziak jakinarazi zuenez, epe motzera egingo den hurrengo lana, gimnasio barruko hobekuntzarena izango da. Paretak margotu eta argi instalazio berriak jartzeaz gain, makinaria ere eraberrituko da. Hauek erosteko prozesua martxan da eta okerrik ezean, ikasturte berrian (jaixen ostean) 5 zinta eta 2 eliptika berri izango ditu kiroldegiko gimnasioak.

 

Kiroldegiaren eraberritze aurreproiektua

Eguneko puntu nagusia baina, igerilekua eta kiroldegiko eraberritze aurreproiektuarena izan zen. Chocarro y Herranz arkitektoen eskuetan daude lanok eta hasieran egindako proiektuari, hainbat berrikuntza gehitu nahi izan dizkiete Udal agintariek. Hori izan da lan hau atzeratzearen arrazoi nagusia. Dena den, aurreproiektua azken txanpan dagoela jakinarazi zuten. Azken proposamena, duela hilabete eskas jaso zuten eta azken asteetan, honen bideragarritasuna aztertzen ari dira.

 

Azken aurreproiektuak beraz, Udal gobernuaren mahai gainean daude. Eta zinegotziak zein alkateak onartu zutenez, kiroldegiko gune hezea herriko beste kokaleku batera ateratzeko aukera ere, txosten honen barruan daukate. Gaur egungo eraikinaren erreforma edota instalazio heze (igerileku + gimnasio) berri bat kokaleku ezberdin batean egitea?

 

Erabakia ez da erraza izango. Kostu ekonomikoen kalkuluak eginda daude eta bi obretan, kontutan hartzeko zenbakietaz hitz egiten ari gara. Une hauetan beraz, balorazio eta azterketa sakon bat egiten ari dira eta ikasturte berria iristearekin batera, proiektua herritarrei zabalduko dietela jakinarazi zuten.

 

Bestelakoan, aisialdi guneetan ere, hainbat lan egingo dira. San Lorentzo eta Ugarkalde arteko bidegorria eraikitzeko lanak esaterako, udako oporren ostean hasiko dira.

 

EAJ-ren hausnarketa

EAJ-k ere, lehen urte politiko honen balorazioa helarazi nahi izan dio OK Magazineari. Aurreko legealdian bezala, oraingo honetan ere, EH Bildurekin batera elkarlanean proiektuak landu, aztertu, eta aurrera ateratzeko prestutasuna azaldu dutela jakinarazi digute. Proposamen batzuk aurrera atera dituzte eta beste batzuk ordea, ezin izan dira gauzatu.

 

Kirol arloari dagokionez, EAJ-ren legealdi honetako programak, hiru oinarri aurkezten ditu. Alde batetik, eskola kirola eta kirol eskolen antolakuntza hobetu nahi dute. Horretarako, teknikari baten beharra ikusten dute. Bestalde, aire libreko ekintzak babestu eta hauek burutzeko instalazioak osatzea proposatzen dute. Atal honetan aurreikusten duten lan nagusiena, San Martineko kirolgunea egokitzea izango litzateke. Betiere, bertako ingurune naturala errespetatuz, baina atletismorako eta beste ekintza batzuetarako atonduz. Azkenik, bigarren mailako kirolei behar duten isntalazioak eskaintzea da alderdi jeltzaleko agintariek proposaten dutena. Atletismo pista, txirrindularientzako estalitako espazio bat, Paddle pistak...

 

Igerilekuari dagokionez, 2016an instalazioak handitzeko proposamena egin bazuten ere, 2017ra begira, hau mantendu eta herritarren artean hainbat kontsulta egin dituztela jakinarazten dute oharrean. Honen harira, herritarrek kanpoko igerileku bat egiteko proiektua aztertzea eskatu omen diete EAJ-ko ordezkariei. 

 

Hauteskundeetan 2.500 herritarren atxikimentua jaso zutenez, hauek, zein beste guztiek merezi duten errespetuagatik, oposiziotik, baina Udal gobernu taldearekin elkarlanean, herriaren alde lan egiten jarraituko dutela gaineratu dute.

Igerilekuaren etorkizuna erabakitzeko dago.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.