Triatloia

Triatloia
2016-07-13 12:01:18
ISASTI ANAIEK ALTRIMAN TRIATLOI GOGORRA OSATU DUTE ASTEBURUAN
Ironman berezi bat, aitaren omenez

Iban eta Argider Isasti anaiek, Altriman izeneko Piriniotako Ironman gogorra osatu dute asteburuan. Mundu mailan dagoen triatloi gogorrenetarikoa da eta oñatiarrentzat, oso proba berezia izan da. Lau urteren ondoren, berriz ere Ironman bat elkarrekin egin dutelako, eta batez ere, aitaren heriotzaren 12. urtemuga bete delako. Frantzia aldean bizi izandako esperientzia nolakoa izan den azaldu zuten atzo Oñati Irratian eskaini zuten elkarrizketa batean.

 

Asteburu oso berezia igaro dute Les Anglesen (Frantzia) Isasti anaiek. Askoren ustetan, mundu mailan dagoen triatloi gogorrenetariko bat da Altrimana eta oñatiarrak, proba amaitzeko gai izan ziren. 200 bat ausart soilik abiatu ziren lasterketara eta arrazoi ezberdinak tarteko, ia erdiek utzi behar izan zuten lasterketa.

 

Gainontzeko Ironmanekin alderatuta, Altrimanak berezitasun bat dauka. Gora-behera edo desnibela. Helmugara iritsi nahi zutenek, 3,8 kilometro igerian, 200 kilometro bizikletan eta maratoi bat (42,195 kilometro) korrika osatu behar izan zituzten. Bizikletan esaterako, 5.000 metrotik gorako desnibela pilatzen zuen lasterketak eta korrikakoan ere, gora-behera ugari aurkezten zuen zirkuituak.

 

Motibazio bikoitza

Hori horrela, proba amaitzeko intentzioz abiatu zuten Isasti anaiek lasterketa. Eskarmentu handiko triatletak dira biak baina Les Angleseko erronka, ez zen nolanahikoa. Argiderrentzat hamalaugarren Ironmana zen eta Ibanentzat berriz, zazpigarrena.

 

Hala ere, azken honek bazuen berezitasun bat. Ibanek lau urte zeramatzan Ironmanik egin gabe eta urte hasieran erabaki zuen anaiarekin erronka gogor honetan sartzea: «Triatloia alde batera utzita neukan, familia eta lan kontuak bateratzea zaila egin zaidalako, baina anaiak aukera hau aurkeztu zidanean, emaztearekin hitz egin eta baietza eman nion segituan» zioen.

 

Era berean, asteburuan bertan (ostiralean konkretuki) beraien aita zendu zela, 12 urte bete ziren eta balentria hau berari eskaini nahi izan zioten: «Dagoen lekuan dagoela, larunbatean gurekin izan genuen eta emaitza hau berari eskainita dijoa» zioten anaiek. Argiderrek 12. postuan amaitu zuen proba 14:40:00 kronoan, eta Ibanek 17:20:29 behar izan zituen helmugara iristeko.

 

Helburua beteta, gustora agertu ziren bi anaiak Oñati Irratiko mikrofono aurrekaldean. Lasterketan zehar bizi izandakoak azaltzeaz gain, prestaketa nolakoa izan den eta etorkizunera begira zer asmo dituzten azaldu zuten Iban eta Argiderrek.

 

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Aita zenari eskaini nahi izan diote Isasti anaiek asteburuko emaitza.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.