Igeriketa

Igeriketa
2016-07-04 14:36:29
OSTIRALEAN GARAIPENA LORTU ZUEN LEKEITION ETA ATZO 3. IZAN ZEN DEBAN
Hasiera bikaina eman dio Xabier Gordoak itsas-zeharkaldien Euskal egutegiari

Asteburuan eman zaio irekiera itsas zeharkaldien Euskal egutegiari eta Xabier Gordoa oñatiarrak, indartsu hasi du denboraldia. Ostiralean Lekeitioko estreineko proba irabazteaz gain, atzo goizean, hirugarrena izan baitzen Debako Itxasmilan.

 

Sasoi puntu bikainean dago Xabier Gordoa igerilaria. Azken asteetan distantzia luzeko probak egiten ibili bada ere, proba motzetan lehiakorra izaten jarraitu ahal duela erakutsi baitu asteburuan. Duela astebete pasa, Italia aldean egindako 14 kilometroko zeharkaldi luzeak utzitako nekea somatu gabe, bi aldiz igo baita podiumera azken hiru egunetan.

 

Ostiralean, Lekeitioko Kilin Kala igeriketa zeharketan lehiatu zen txantxikuarra. Isuntzako hondartzan osatu zen 1.600 metroko trabesia, eta izena eman zuten guztietan artean azkarrena, Gordoa bera izan zen. Txantxiku igeri taldeko ordezkariak, 18 minutu eta 52 segundutan osatu zuen ibilbidea eta bederatzi segundu atera zizkion helmugan, bigarren sailkatua izan zen Jon Gil (19:01) gasteiztarrari. Podiuma, Ander Rodriguezek osatu zuen (19:15). Hemen dituzue [sailkapen ofizialak].

 

Atzo goizean berriz, Debako IX. itxasmilan aritu zen Gordoa. Kasu honetan, ostiralekoa baino zertxobait luzeagoa izan zen zeharkaldia eta Mutriku eta Deba bitartean aritu zirenek, 3.000 metroko bidea osatu behar izan zuten helmugara iritsi aurretik. Garailea Haigor Aranguren izan zen (37:12). Donostiarrak lehia estua mantendu zuen azken metrora arte Luis Goñi (37:13) hernaniarrarekin eta azkenean segundu bateko aldeaz gailendu zen Aranguren. Gordoa hirugarren postuan iritsi zen helmugara aurreko bikotearengatik minutu eta hogehitahiru segundutara. Hemen dituzue [sailkapen ofizialak].

 

Txantxiku igeri taldea

Asteburuan hasi den itsas zeharkaldien denboraldian, hainbat oñatiar ikusiko ditugu astebururo han-hemenka lehiatuko diren proba ezberdinetan. Proba hauetan aritzen den herriko talde garrantzitsuena, Txantxiku Igeri taldea dugu eta bertatik jakinarazi zaigunez, aurten 38 igerilarik osatzen dute taldea. Dagoeneko zortzi urteko historia dauka taldeak eta trabesietan lehiatzen diren oñatiar gehienak taldeko kide dira gaur egun.

 

Bakoitzak nahi adina probetan parte hartuko dute, eta helburu garbiegirik finkatu ez badituzte ere, Euskal egutegiko zita garrantzitsuena uztailaren 31an iritsiko da Getaria-Zarautz zeharkaldi entzutesuarekin. Iraila bitartean beraz, herritar ugari ikusiko ditugu gure kostaldeko proba ezberdinetan.

Gordoa Debako podiumean. Argazkiak: Olatz Gordoa.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.