Saskibaloia

Saskibaloia
2013-05-26 15:41:18
Partida oso txukuna egin duen arren, azken minutuetan ez da fin ibili taldea
Ezin izan du garaipenarekin agurtu denboraldia Natrak (82-79)

Igoera faseko azken partidua zen gaurkoa. Natra Oñatik aurreko biak galduta, ez zeukan aukerarik igoera lortzeko. Hala ere, asmoa denboraldia garaipen batekin amaitzea zen. Partidua ez da oso ondo hasi, etxekoak 7-0 aurreratu baitira markagailuan. Dena den, minutuak aurrera egin ahala, Natrak bere jokua topatu du eta bereziki Asier De la Iglesiarengan oinarrituta, min asko egin dio Plasencia taldeari. Zumarragarraren saskiratze batek jarri du Natra lehen aldiz aurretik markagailuan 3:20 falta zirela. Hortik aurrera, etxekoak bere kanpoko jaurtiketan oinarritzen zuten jokoa eta Natrak berriz joku landuago batekin, 23-26 aurretik amaitu du laurdentxoa.

 

Ander airean

 

Bigarren laurdena ere oso parekatua izan da. Natrak eraso oso landuak eginaz jarraitu du eta etxekoak berriz beraien trantsiziotan eta kanpoko jaurtiketetan oinarritzen zituzten erasoak. Hori horrela, oso parekatuta joan da markagailua momentu oro. Etxekoek hiru puntuko abantaila izan dute atsedenaldira iristeko sei minutu falta zirenean. Dena den, Natrak sendo jarraitu du eta bereziki Ander Garciak izan dituen minutu bero batzuei esker, aurrektik amaitu du laurdentxoa 41-44.

 

Lehia gogortu egin da

Atsedenalditik bueltan, partiduaren intentsitatea eta erritmoa handituz joan dira. Bi taldeen erasoak, defentsak baino gehiago izan dira hasieran eta saskiratze txandaketa bat ikusi dugu lehen minutuetan. Laurdena amaitzeko bost minuturen faltan, etxeko taldeak partidako abantailarik handiena hartu du (57-53). Etxeko taldearen momenturik onenak izan dira. Hala ere, oñatiarrek joku sistema landuak bilatuz berriz ere markagailuan asko hurbildu eta Plasenciako entrenatzaileari adierazitako falta tekniko bateko jaurtiketak baliatuz, sei puntutako abantaila zabaldu du markagailuan laurdenaren amaieran (61-67)

 

Asier defentsan

 

Azken laurdena hil ala bizikoa zen. Natrak igoera faseko lehen garaipena eskuan zeukan eta etxekoek berriz ondo bukatu nahi zuten denboraldia zaletuen aurrean. Bost puntuko abantailak izan dituzten arren, Caceresko taldeak portzentaia onak izan ditu hiruko jaurtiketan eta partidua erabat berdindu du bi minuturen faltan (76-76). Hortik amaierara, trebetasun gehiago izan du etxeko taldeak saskiratzeak lortzerako orduan eta Natrak jokaldi onak egin dituen arren, saskiratzerik lortu ez izanak, partidua galtzera eraman du. Azkenean 82-79 amaitu da norgehiagoka.

 

Asier aulkian

 

Negar malkoak eta irrifarreak

Partidua amaieran emozio asko bizi izan dira kantxan. Saskibaloia utziko duten jokalariak (Gamarra, Biain...), etorkizunean hemen izango ez diren jokalariak... gaurkoarekin ziklo ahaztezin baten amaierara iritsi da talde ikaragarri hau. Etorkizuna oraindik ere zalantzan dago, baina badirudi talde honek elkarrekin jokatu duen azken partidua izango dela.

 

Iagon Agurra

 

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.